Agustin Anabitarte
APRIKAKO BASAMORTUAN
Fitxategi hau “liburu-e” bildumako alea da,
liburu elektronikoen irakurgailurako prestatua.
Liburu gehiago eskuratzeko:
http://armiarma.com/liburu-e
Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986
http://klasikoak.armiarma.com/
Egileari buruzko informazioa:
http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00194.htm
ASI-ITZA
Nik Lurralde guztietarako gogoa izan det beti, gauza berri asko ikusteko egarria. Itsastarrenganako naia ere bai. Izan ere, oriek ikusten dituzten erri ta bazterrak! Orrengatik, aal izan ez detan bitartean, nere biziera estututa gelditu oi zait; baño aal izan detanean, bai ikusi ikusgarriak. Guztietan geien oroitu ditutanak auetxek dira: Italia, Grezia, Turkia, Israel, Libano, Rodas Ugartea ta Ejitoren barrena ibilli nintzanean; erri onetako txunturrak (piramideak) ganbelu-gañean ikusi nituanean; Cabo Norten gauerdiko eguzkia zanean, bost egun segituaneguzkia sartu gabe ikusi genuanean: Spitsbergengo mendi ta itsaso jelatuak eta, geiago ez luzatzearren, Aprikako basamortua ikusi nituanean. Ikusgarria ezik, larrialdi geienak pasa ditutaneko lekua Sahara izan da, ta otu zait oriek liburuan jartzea. «Sahara» itzak esan nai du «basamortua».
Gerra asi baño lenagoko kontuarekin ari gera; errialde ura, Aljeria, pake santuan bizi zan garaiekoa. Pake ta guzti, kontuz. Aurreneko, paper batzuetan ikusi nuan arako joan-aukera bazala. Ta urrutirako goga beti egin izan zaitenez geroz, ta gauza ezkutu, ezagun-ezak eta arrigarrientzat alaber, lotu nintzaion txangoari. Orduzkoa da, bada, nere oraingo jarduna. Paper-mutur batzuk baneuzkan bordeak ango kontuekin eta oriek tarte dirala ta nere orimenak amor eman dezakeanarekin, arako kontu zaarrez noraño nintzakean gai ikusi dezadan. Orduan egindako «fotoak» ere lagun ditut.
Beraz, Saharako biotzera joan nai. Sahara Aprikako iparraldean dago, bost milla kilometro zabal da ta milla ta bosteun kilometro luze, Ejito ta Arabiako lurraldeak gogoan artu gabe. Sahara, irakurlea, ondar-itsaso zabala dezu.
Tokiak dituzu batzuk berdiñak, toki zelaiak, lurra ta arriak; tarteka belar-txima legorrak, drim esaten zaienak. Badituzu belar gabeko mendiak, ondar kolorekoak. Auek dituzu mendi motzak, gaña zelaia dutenak. Auen ondoan beste mendi-mutur zorrotzak arkitzen dira, aien ainbesteko goiarekin, nonbait antziñan dana bat izaneta aizeak eta ondarrak itxura orretan jarriak.
Ta badituzu ere ondar-añoak edo dunak, mendi txikien itxurako ondar-pillak, aizeak ala jarriak. Badira ondar-añoak eun metroko goia dutenak. Ta, denboraz, aizea dala-ta, mendixka oriek mugituegiten dira, errikozkorrak azpian artzeko eran. Aizeak zapaldu egiten du ondarra ta ematen dio itxura. Ondar-anoeta batzuek ertz eta itxura ikusgarriak izaten dituzten aizeari eskerrak. Maiz ikusten dira orietan itsasoak ondarrean egiten dituan bezelako zimurrak.
Basamortu orretan bizi da jendea, kasta askotako gizon eta emakume beltz eta beltzaranak. Bideak, ganbeluak eta kamionak egiñak dira, franko txarrak geienak. Erriek, berreun, irureun, lareun eta geiago kilometroko tarteak izaten dituzte beren artean: palmera-basoen babesean bizi dira.
Oriek guztiak nakizkiala, zaletu nintzan ara joateko. Bide-txartel ta dirua bear aña artuta prestatu nintzan. Erri auetxek ikusteko nengoan: Aljer, Busaada, Biskra, Tugur, Uargla, Gardaia, Beni Isgen, El Golea, Timimun eta Adrar. Txango polita, beraz.
Ta ibillaldi artan gertaera jakingarriak izan eta arriskoan ibilli nintzalako, zuri esateko gogoa etorri zait, irakurlea.
Beraz, Donostiatik Marsellarako bidean abiatu nintzan...
Egilleak
I
BIDEAN
Marsellara gabez etorrita, hoteleko nagusiak ez zuala tokirik neretzat; areri eguardian iritxiko nintzala esan ziotela ta, azaldu ez bani-nintzan, emana zeukala nere gela. Aldameneko beste hotel batera berberak lagundu ta bertan gelditu nintzan. Kanpoan apaldu ta ostera hotelean sartuta, nagusi berriarekin izketan ari nintzala, non sartzen dan emakume bat agitz larri ta lotsatuta. Senarrari agur esanda, kamionan utzi omen zuan bear zuan dirua. Apaltzerakoan, esku-poltsa idiki ta orduan konturatu dirurik ez zeukala. Poltsa zor-paga utzi omen zuan eta ea etzanlekua emango al zion. Senarra kamionan dirua ikusi ta konturatuko al-zan.
Baretu zan ba gure emakumea ta berriro izketari lotu gintzaion nagusia ta ni. «Onen tartean —ari zan orain— gaizto asko dabil. Zein on eta zein gaizto ez da errez asmatzen, eta askotan on egin nai eta ez gera ausartzen. Etortzen zaizkitzu batzuk esku-utsik, aitzakia aboan, etzanleku eske ta goiz asko ospa egiten dute».
Ez giñan askoz geiago mintzatu. Logaletuta bai-nengoen, «Gabon pasa» esan eta, nere sakeleko diru-mordoskari estutu bat eginda, oeratu nintzan.
Urrengo egunean, eguardian, Kairouan izeneko itsasontziak laga zuan Marsellako portua. Portu-muturreko presondegiari bira eman eta asi giñan itsaso zabalean. An gelditu zan, atzean, San Victor auzo-izana, gerratean, aleman bat kalean illa arkitu zutelako, dinamitaz aidean bota zutenauzoa.
Arratsaldean, ordea, itsasoa asarretzen asi. Ta asitzea asi ta gero ta txarragoa jarri. Ontziko jendea larri. Balantzakin ezin egon zutik. Ez beñere nik ikusi orren ikaragarri, itsasoan ondo oitua nagoalarik. Aparia utzi ta etzan, ondoena. Illunduta zerbitzaria etorri zitzaidan atea joaz, ea zerbait jan nai al nuan. Bizkotxo legor batzuk eta besterik ez. Zerbitzari bera ere gaizki itxurez. Bai al zan jenderik apaltzen? Ezta iñortxo ere. Eskarrik asko eta agur.
Gau luzea. Ura dantza ikaragarria. Ezin lorik egin. Ango gora-beerak, eten gabe. Urrengo goizean giñan irixtekoak Aljeren. Goiz-abarra asi, baño tankera berean segi. Egon egin bear zazpiak arte. Itsas zabaletik legor bazterrera asi giñanean, orduantxe pixka bat baretu. Ta noizbait Aljer Zuria (ala deritzaio) begitaratu zitzaigun. Noski, jendea itxura txarreko azaldu zan legorreratzerakoan. Ikusi al dituzute iñoiz moruak eta beltzak itsasoko min zuriak jota? Aien arpegiak.
Nere billa kaiera etorriko zirala ta, maleta eskuan, jarri nintzan Hotel Oasis kotxia ikusteko. Ez zan azaldu. Taksi bat artu bear.
Alaxe, iritxi nintzan nere hotelean, hotel ederra ala ere, portu-gañean. Baño kezka larri bat sortu zitzaidan nere barruan. Nik uste, beste asko ere izango zirala bidai artarako, guztiok alkarrekin joatekoak. Liburutxo batean nik banuan irakurria ibillaldi au, egun jakiñetan egiten zana, nolakoa zan, eta Bidai-Etxe batengandik artu nituan billetiak eta ibillaldiaren zertzelada guztiak jakiñan gañean jarri zizkidaten. Ez ba, nik uste, ni bakarra izango nintzanik txango artan; lagun askoen arteko gauza izango zala, alegia.
Oriek buruan nerabilzkiala, jaiki —bada etorri-berrian puxka batean etzanda egon nintzan— ta erriari ikustaldia egiteko aukera ea noiz, galdetu nuan. Gidaria deitu zuten eta andik puntuko azaldu zan. Orduan ere gidariarekin ni bakarrik. Asi nintzan bada, atsekabez, erria ikusten. «Agidanean —egiten nion nere buruari— bigarko autokarrean bilduko gera Aljeriako barrua ikusi nai degun guztiak. Ez da zer egon irudikor».
II
ALJER
Aljer da Aljeriako erri nagusia, erri aundia, erri ederra. Aljer-ek ditu alderdi berria ta alderdi zaarra. Erri berria dago, beste zenbait erri aundi bezela, etxe, eguraztoki, bulebar, loretegi ta palmera ederrez jantzia. Lekurik ederrena da Boulevar de la République deritzaiona: oso luzea, irureun baño geiago arkukin eta arkupeak dendaz beteak. Bulebar onen muturrean arkitzen dira Gobernuaren Plaza, katedrala ta arabiar eliza edo mezkita zaarra, Yama-elYedid esaten zaiona.
Itsasaldea ere ederra da. Etxe zuri aundi aiek, errenkada luzean, itsasoari begira, eder baño eder egiten dute. Be-aldean berriz, portua, Barbarrojak 1525gn urtean egiña ta geroztik aunditua.
Itsasontzi aundi aien joan-etorriak ikusi bear. Arrako biltoki zabalak. Jolas-ontzi pilla ugaria portuko baztar batean. Salerosketako gaia gogotik. Ontzien txistuak eta makinen burrunbak.
Zuriak eta moruak nastuan ibiltzen dira Aljer-en; erri berrian zuriak geiago. Gidari mahomatarra ta ni katedrala ikusteko sartu giñanean, neregandik zertxobait alderatuta, iru bider segituan egin zuan gurutzen santua... sabelaren parean.
Andik abiatu giñan mahomatar aberatsen ildegia ikusteko. Polita ildegia, mosaikoz egiña geiena. Itxura askotako gauza zan an: etxe antzekoak sarrera ta leioekin ederlariek egiñak, ill-arriak tente, landareak lur-ontzietan, kutxatillak jana jartzeko ta beste zenbait gauza lur-gañeko malla batean jarriak. «Au aberats purrukatu baten obia da; ori, jaun oso ezagun batena; arako ura, aundiki batena» —zion gidariak prantzesez. Ta, egiazki, lan ederrik asko bazan ildegi artan.
Bazan alako gorde-leku txikia, gerrirañokoa: atea, bi leio ta gain ezin politagoa, arri ederrez egiña. Onera etortzen omen ziran amak eztula txarreko aurrekin. Leio batetik aurra sartu ta, besotik besora, beste leiotik atera bear izaten zan. «Ta sendatu egiten dira!» —zion irriparrez nere gidari buruko gorridunak. Bueno, nere artean.
Goazen orain beartsuen ildegira. Egun artan ostirala zan eta orra egunik egokiena beartsuen ildegia ikusteko, bada alakoegunez, astero, izaten zan —eta orain ere ala izango da— oitura emakumeak ildegira joatekoa. Ala, izagurrizko emakume-pilla zijoan ildegira, goitik beeraño zuriz jantziak, begiak ez guzti. Saltzeko aukera orduan eta bide-baztarretan saltzale asko zegoan zurizko emakume aieri gauza saltzen: oiala, erropa, lur-ontziak eta abar. Neroniri ere txamar bat eskeñi zidaten.
Emakumeak bakarrik sartu zitezkean ildegian. Gizonik ez zan ikusten eguardiko amabiak arte. Eta bitarte orretan ildegi-barrena zurizkoz betea. Beren erlijioan uste dute gorputzek beste munduan janbearra izaten dutela ta, alaxe, ogia, pikuak, datillak-eta jartzen dituzten illobi-gañetan. Orixe da, bada, ilda gero salda bero. Baño asmoakin aski nonbait eta, jana egonean ondatzen dala dakitelarik, ekarritako jan guztia bere garaian bildu ta beartsueri ematen zieten jateko. Oitura onek bere alderdi ona, bai.
Andik atera giñanean gidariak ni nongoa nintzan galdetu zidan. Eta erantzun ondoren onela esan zidan: «Zuek eta guk Jainko bakar bategan sinisten degu, ta jaiota gauden gizon guztiak anaiak gerala». —«Egia aundia ori»— erantzun nion.
Edo «anaia-arrebak» esan bear, emakumeak gogoan artuta; bada gu izketan ari giñaneko aurrean biko gaztea zegoan zutik; neska arabiarra txilaba soñean, sudur puntaraño arpegia estalita, ta mutil prantzesa. Beste errietan (Tetuanen esate baterako) galazia dute emakumeek gizonekin kalean itzegitea, are giago knapotarrekin. Etxe zikiñetara botatzen dituzte. Baño geiena arritu ninduana, neskari txilabaren azpian zapatak takoi luzeakin ikusteak. Emakumea beti emakume!
Urrena Kaxba ikusi bear genuala. Kaxba-erria, erri zaarra, mendi koxkor baten gañeraño igotzen da: entzuten aundiko lekua; kokaina, tabakua-ta, patari edo kontrabandisten zuloa, ta baita beste gaiztakeriena. Asi orduko gidariak esan zidan: «Orain santu baten illobia ikusi bear dugu, bi milla urte (!!) dituana». Santua, noski, beren erlijiokoa. Ta bat-batean sartu giñan etxe illun batean, ni gidariaren atzetik. Arteka extu areri bira eman eta puxka batean ibilli giñan illunpetan. Atzenean, argi purtzil bat; eta, bertaratu giñanean, gizon aundi bat, bizar eder zuria, liburutzar bat aurrean, lurrean exerita.
Altxa zan neregana ta alkarri egun onak eta bostekoa emanaz, aldameneko gelara pasatzeko baimena eman zidan.
Aldamenean zegoan illobia. Gidaria ta ni bazter batean gelditu giñan zutik. Andik pixka batera bazetorrela ta utzi ninduan bakarrik. Argi larri artan, illobiaren beean, iru emakume beltzez jantziak zeuden lurrean nolanai etzanda. Arpegia ia estalita, zulo batetik begiratzen zioten etorriberriari tarteka. Noizbait gidaria azaldu ta emakume aiek otoitz egiten zeudela, esan zidan, santuari aurgintzarako ta osasunerako mesede-eske. Ura zan ikusteko guztia. Ostera joan giñan gizon bizar zuriagana, gizon atsegiña ala ere, ta, eskupekoa emanez, etorritako bidetik alde egin genuan.
Baginjoazen bada Kaxban gora. Aiek kaleak! Gorago ta estuagoak eta illunagoak. Ango etxeek ez dute balkoirik. Tellatua bearrean egon-toki zabalak dituzte. Jakingarritzat auxe esan zidan gidariak:
—Emen toki gutxi ta jende geiegi. Ori dala bide, pamiliak alkarrekin bizi dira. Gizonek beren eginbearretara etxea uzten dutenean, emazteak patiñan biltzen dira izketa edo berriketarako. Alako batean gizonezko batek etxera etorri nai badu, atea jo ta eztula egiten du. Ta eztularen bidez nor dan ezagutzen dute, ta bere andrea ez-besteko emakumeek alde egiten dute senar-emazteak bakarrik utzirik.
Onelaxe ari zala sartu giñan gero ta kale bildurgarriagoetan. Kasta guztitako ta jantzi guztitako gizona bazan. Baziran moruak eta beltzak eta bien artekorik asko, ez oso abegi onekoak. Jendea erruz kaleetan. Baziran buru-gañetik lurrerañoko jantziak txano ta guzti, eta baziran jantziaren bearrez zarpallez josiak, galtza-putzak; baziran buru-jirako zapi zuriekin, buruko gorriak zituztenak eta gabe zebiltzanak, eta asko moduzko burukoekin zijoazenak. Emakumeak, begiak ezik estaliak. Jendea eten gabe, gora ta beeera, ezker ta eskubitara, arraen gisara. Batzuk etxearen kontra exerita; besteak, lurrean etzanda, lo. Denda txiki illunak, ogia, aleak, almendrak, mota askotako fruta, tabakua ta... Jainkoak daki zenbat gauza saltzen zituztenak. Argia gutxi ta zikinkeria sobra. Arkupeak, tunelak eta eskallerak. Kale zuzenik ez, burua nastu ainbesteko bide okerrekin. Ezin asmatutako aterabideak. Nere gidariari ondo lotuta ninjoakion. Kale auetan galduta ere, beera jo beti, egiten nion nere buruari. Gidaririk gabe ez nintzan ausartuko kale ta jende aien barrena. Fotoak artzeko ezin aukera obea, baño ausartzen ez, iñork gaizkitzat ar ez zezan. Ezta gidariaren ondoan ere. Onen antzeko tokietan ibillia naiz gauez ere, baño emen ezta egunez ere lasai. Artean, ura naigabea erretraturik egin aal ez izatea.
Gaña arrapatuta toki zelai batera atera giñan. Itsasaldera, Medina auzoa ikusten zan; gañean berriz turkiatarren gerra-etxea ondatuta; aldamenean, iru kañoi aundi españiarreri Oranen kenduak. Ikuste ederreko tokia, atseden-alditxoa artzeko izan genuan.
Noizbait jetxi bear eta asi giñan lengo modura kale zaar aietan. Jetxi ta jetxi naste artan lenbaitlen bukatzeko gogoz. Alako batean gidariak: «Au dezu emakume lizunen kalea». Sarrerako etxe batean auxe zegoan jarrita: Maison honnête (Etxe garbia). Uler dezakeanak, uler beza. Kale Zikin an gelditu zan.
Ikustaldia bukatuta abiatu giñan erri berrian eta kafe-etxe batean sartuta, ar zezala nai zuana. Ez, ordea, alkooldun edaririk artu nai, beren erlijioak galazten diela-ta. «Esan ezazu hotelean, arren —eskatu zidan— zintzoa izan naizela». Baietz eta hotelean iritxita bere aurrean esan nion nagusiari zintzoa izan zala.
III
BUSAADA
Urrengo eguardian Aljer-etik irten-bearra neukan Busaada errirako: alaxe zegoan ibil-bidea paperean jarrita. Baño lengo kezka orain ere, ta zenbat-eta ordua bertago larria aundiago. Txango ura aste-egun jakiñetan baldin bazan, nola zitekean ni bakarrik gertatzea egun artarako? Makiña bat bider ibillia naiz onen antzeko ibilleretan lagunarte atsegiñean eta ez lagun gutxi batean. Gogorapen onekin ari nintzala, ez nion ala ere antz onik ematen oraingo joanari. Itxaropena ez nezala galdu: ez nai toki aietan bakarrik ibiltzea. Bai, bat edo beste izango zan nerekin batean autakarrean, trenean eta aidean ibilliko zana. Eta oriek begien aurrean jarrita, ostera piztutzen nintzan.
Garaiz bazkalduta, abiatu nintzan autokarren geltokira, hoteleko gizon bat lagun nuala maleta karraion. Bertara iritxita: «orra non dezun autokarra». Autokat zikin ura ikustean oso naigabetu nintzan: txoperra ta bere laguna ezik, beste guztiak moruak ziran. Nere uste okerrek bat-batean lurra jo zuten.
Ordea, nere barrena gogortzen asi zan. Ni orren jakin-naia ta zenbait arriskoetan ibillia, orain, koldartuko al nintzan? Ainbeste diru aldez aurretik pagatu ta, alperrik galduko al nituan? Nere bizi guztian orrelako biajiekin ametsetan eta orain, atzeratuko al nintzan? Gaztetasuna joanagatik kemenak ez zitzaizkidan aitu ta maletari bultzatuta, sartu ta exeri nintzan barrengo jendearen tartean.
Asi zan autokarra aurrera ta tokib erriak ikusten ain atsegiñez ninjoala, nere buruaz arras aztu nintzan. Mendietan gora asi giñan. Goiko gañetan, elurra. Otza, gero ta geiago. Moruak ez zeuden oso atsegin. Ni berriz pozik, ez otzik ez morurik nabaritzen ez nituala. Alaxe, Atlas deritzaion mendi-zerrendari aldez beste egiten Sakomody mendi-atea arrapatu genuan (916 metroko goia). Ura ikuste ederra! Beerakoan, toki zelaietan, ganbelu-talde aundiak ikusten asi giñan tarteka. Ta abere orien gañean ibillia naizelarik, poza sartu zitzaidan gauza arrigarriak ikusteko nengoalakoan. Errixka batzuk pasa. Aiek etxe ta ura mixei gorria! Bein alako errixka batean gelditu giñan atseden artzeko. Geratu orduko mutil kozkor batzuk zalapartaka sartu ziran autokarrean, ojuka: Al Xina!, Al Xina! saskiak laranjaz beteak. Orduan ikasi xina arabiarren izkeran «laranja» dala.
Jetxi giñan zankoak luzatzearren eta laranja-saltzale batengana joan nintzan. Laranja bat artuaz saltzaleari galdetu nion:
—Onek zenbat?
—Ogeitamar franko kilua.
—Pixa ezazu.
—Kilo erdia, amabost franko.
Gero ikusi laranja ura bezelako bi artzen zituala kilo erdiak. Gauza ona, baño benta obea. (Aljeriar frankuak ta prantzes frankuek balio berbera zuten).
Egualdi illuna. Autokarra, aurrera. Ni, txilaba tartean, itzik atera gabe. Basamortuan sartuak giñan. Lengo arbolik gabeko mendiak utzita, leku zabalera iritxi giñan. Orain berriz ondarra lurrean gero ta geiago. Ego aldera, gu ginjoazen aldera, dana ori. Jendea nekatu xamarra. Eguardiko amabitan irtenda, seiak ziran. Oraindik ordu beteko ibiltzea.
Zazpiterdiak jo ta iritxi giñan. Hotel du Caïdeko nagusi berbera etorri zitzaidan billa. Ez zitzaion gauza zalla izango, noski, nere izena izanda ni nor nintzan asmatzea, ainbeste arabiarren artean. Nere maleta artuaz bere etxeraño lagundu ninduan. Eskeñitako lo-gelaren jabe eginda apaltzeko asmoanjan-gelara jetxi nintzanean, gizon prestu ta atsegin ura izketan asi zitzaidan:
—«Kairouan» ontzian etorri zerala?
—Bai, jauna.
—Gizona, mistral aize ikaragarria izan omen dezute?
—Alaxe da.
—Nik baditut aideak Aljer-en gaur zu bezela etortzekoak ziranak. Iru egunerako gelditu dira an ontziko nekeak arintzearren.
Urrena noraño joan bear nuan galdetuta:
—Bakizu, baztar orietan bero aundia asi da. Orain dala bi egun etorritako batek esana, El Golean berrogeitabat mallako beroa zala.
Alaxe ari giñala, non sartzen dan apaltzeko arabiar gizon aundi, zabal eta lodi bat. Ain biziro aundia ere, beso-aulki eder batean ia naiko tokirik ez zeukala. Asi ziran zerbitzariak alkarri keñuka. Urrena, uste gabea, sartzen da berriz gizon prantzesa ikaragarrizko bibote luzearekin bi aldeetara, arabiarra berbera arrituta utzirik. Zerbitzarien larria! Ez parrik egin nai ta ezin parrari eutsi egiñaalean buruak gordeta. Ikusten, mundu onetan nor nor baño geiagokoa beti izan oi da.
Aljeriako erriak izan bitez nai dan txiro ta itsusiak, baño hotelak Prantzian bezelako hotel txukun eta erosoak dituzu; jana, gela ta arrera, beste izenaundiko hoteletan bezin gogozkoak izango dituzu. Alako hotelean zauden bitartean ez dirudizu basamortuan zaudenik ere.
Lo, ederki. Gidari bat artu nuan goizetik. Hoteleko aurrean ganbelu-zaiak, iñork ganbeluz ibilli nai bazuan. Gidatu ninduan ondar-añoetara dunetara: zeru-zola urdin, ondarra zuri. Txunbera batzuk ikusiz sartu giñan ondarretan, ez urruti, ta ustegabean non azaldu ziran bi soñu-jotzale aurrean. Batek txilaba azpitik txistu antzeko bat atera ta soñua jotzen asi; bestea, berriz, panderuaren antzeko borobil batekin, tam-tam izena ematen zaiona, jotzen. Ango jendeak alako gauzekin sortzen du bizimodua turisten bizkarretik. Erretratu bat egin nien.
Ta alako ustegabeko topo-aldi atsegiña izanarren, eta tokia ain polita ta gogozkoa izanagatik, geiena jolastu ninduana gidariak antxen bertan esanzidanak. An, inguruan, ibilli omen ziran Tartarin De Tarascón izeneko pelikua egiten. Legoi bat ekarri omen zuten ura egiteko, baño itxurazkoa. «Ni nintzan legoiaren barrenean», bota zuan gidariak. A zer par gozoa egin genuen biak-ala-biak!
Gidariekin mesede aundia izaten da. Denbora gutxian gauza asko ikusiz gañera, mutil kozkor eskaleak uxatu egiten dituzte zu naigabetzen zaituztela ikusten dutenean. Ta bada «plaga» erri aietan edozein uskeri saltzeko aitzakiarekin. Atzetik joaten zaizkitzu segi ta segi zu aspertu ta asarretzeraño. Ta ez dira gutxi ibiltzen.
Busaadan palmera-basoa dago, oasis deritzaiona. Aueri eskerrak erriek izaten dituzte: gerizpea, ura ta datillak. Datilla beatzaren antzeko frutu gozoa da ta erruz biltzen dute. Jaten dituztenean bizkar aldera botatezn dituzte ezurrak; ala ere arabiar batzueri ez zaie ezurrik botatzen ikusten. Ogei mota datil bada.
Basoan ibillita gero, ibai legor zaar baten ondotik pasa giñan. Ala dio gidariak: «Naiko ura izango bagenu, erriko guztiak aberatsak izango giñake». (Nere artean, Donostian ainbeste euri egingo ez balu, mesede izango genuke ere). Ur-bide legor areri Uadi esaten diote.
Kaleeta ere ikusten dira palmerak tarteka. Etxeak, bea ta bizitza bakarra, naiko itsusiak. Artean, kanpotarrentzat zer-ikusia badaukate. Jendea badabil, asto bat edo beste ta zakuak baztarretan.
Zoaz plazara ta gizona besterik ez, lurrean exerita alperkerian. Baztar batean, ille-moztutzalea zutik eta mutil kozkor beltza ere bai. Ia burua zuritzeraño moztu zion illea. Langille bakarra ura.
IV
BISKRA
Eguardiko amabi t'erdiak izango ziran lengoaren antz berbereko autokarrean Biskrarako irten giñanean: bost ordu t'erdiko bidea. Ta bideak oso txarrak, ondarra zala, arriak zirala. Erriak alkarrengandik ain urruti daudela, autokarrak eta kamionak ezik, trenak eta ega-ontziak ibiltzen dira leku batzutan.
Betiko moduan ibilliz, txilaba-tartean, bide erdira bezela, errixka batean gelditu giñan, plazan bertan. Plaza zabala, baño bea bakarrekiko etxeak. Len ikusitakoen gisara emen ere gizonak alperkerian: batzuk zutik, besteak exerita ta lurrean zerraldo etzanda ez gutxi. Aietako gizon aundi bateri galdetu nion erriak nola zuan izena, ta, bein-beingoan atxitu aal izan ez banuan ere, Ben Zrud zan izena. Oso onean artu ninduan. Ez zebillen emakumerik.
Ostera abian asita noizbait iritxi giñan Biskran: arratsaldeko seietan. Erri aundia iruditu zitzaidan Biskra. Joan nintzan Hotel Transatlantiquera. Arrats artakoa egin eta nagusi zintzoari urrengo goizeko bederatzietako calèche edo zaldi-gurdia bear nuala esan nion, erria ikusteko.
Bai zaldu-gurdia garaiz etorri ta bai ni ere. Ta pausua egiteko zorian nengoala, non datorkidan nagusia korrika itxoegiteko pixka batean, nai banuan, bazetorrela suizatar mutil gazte bat nerekin batean ibilliko zana txango artan bertan, arentzako gogo txarrik ez baneukan. Ez, orixe. Bai aguro azaldu ere. Alkarri bostekoa eman genion eta nerekin batean sartu ziran zalgurdian suizarra ta gidaria. Parc Landon ikusi bear omen genuen lenbiziko.
Zaldi bakarrekiko gurdia zan, gañean oial zuria estalgarriz itzalean egoteko. Asi ta andik pixka batera gauza batek arritu ninduan zearo: cardinal Lavigerieren irudia, brontzezkoa, plaza batean ikusteak, Euskalerriko Baionan dagoan bezelakoxea. Izan ere, Lavigerie kardenala alderdi aietan ibillia, lan eta on ikaragarriak egiña. «Au Baionan dagoan bezelakoa da», esan nion gidariari. Baietz, ala zala, gidariak bazekian nonbait.
Eldu giñan bada Parc Landonen. Zalgurditik jetxi ta asi giñan ikusten. Parc zalako ura apaña zan, ongi tajutua ta, naiz loreeetan sobra ez izan, belarra txukun moztua ta bideak kontuz egiñak. Erri artarako gauza polita, baño ez gu erri nagusietan ibilliak arritzeko ainbeste. Ta baztarrak oartzen atsegiñez ari giñan bitartean, non gidariak esaten digun toki artan bertantxe, bi egunez lenago, nola suge batek fakir bateri eldu ta ordu beteko gorputz zala. Bat-batean suizarra ta ni ikaratu giñan eta bildur-itxura kentzeagatik asi giñan... bai, ura ikusia zegoala... ikusiaz gañera gauza berririk ez zala... ta, ospa, sartu giñan zalgurdian.
Nongoak giñan alkarren berri emanda, galdetu nion suizarrari:
—Noiz arte dezu asmoa emen egotekoa?
—Bigar arte. Emendik Tugurtera noa.
—Bai ni ere.
—Orratx! Ta zein hoteletara zoaz?
—Trasatlantique.
—Ni ere bai.
Ta alkarrekin ibiltzekoak gelditu giñan. Baño suizarrak Tugurten bi egun egin bear omen zituan eta nik bakarra. Beraz, Tugurten, agur.
Biskra zaarra ikusi bear genuela urrena, ta sartu giñan ango oasis edo baso-bakarrean zalgurdi ta guzti. Bideak, onak, naiko zabal. Palmera-tartean, noizpeinka, etxe kaxkarrak eta loi ta egurrezko etxolak lurra jota. Arian-arian, mezkita polit bat. Auzko zulo ura, gizon bakartzale edo eremita baten bizitegia omen zan. Gero, ibai koxkor bat emakume beltzak gobara jotzen. Baita ere ikusi genuen monjak zeukaten etxe ederra palmera-tartean. Monja aieri esaten diete «Aizpa Zuriak» eta alfonbragintzan aritzen dira nexkaeri erakusten. Zortzi urteko nexkak —eta aundiagoak ere bai— biziro trebeak dituzu lanean. Zutak aurrean, pasatzen zituzten kolorezko ariak batera ta bestera, zirrimarrakegiñaz, eta ikaragarrizko alfonbra ederrak osatzen zituzten.
Erri zaarrean sartu giñan. Bai al dakizu arri aundieri bira emanda nolako zikinkeria azaltzen zaien? Alatsu, Uled Nailen kalea, gidariak erakutsi ziguna: emakumeak balkoi agirietan, eta entradetan atsoak exerita. Ura ere Kale Zikin. Uled Nail oriek dituzu dantzariak, emakume-galdu kasta.
Goazen orain azokara. Gure calèche azkarra gelditu zan, orain ere. Azoka edo merkatua, oso ederra. Gizon eta gauza asko. Sarreran, arkupe polita. Barrenean etxe txuriak, gain borobilleko etxeak, bestelako etxe txikiak, txabolak, kaxetak eta, orien guztien tarteetan eta inguruan, palmera lirain adar-ugariak. Bertako gizon asko ta prantziar batzuk ere bai. Aljeriar geienek, buruan zapi zuri borobillak zeuzkaten eta gorputz guztia artu-añako txilaba luzeak, zuriak geienak. Beste batzuek, buruko tente gorriak eta galtzak eta txamarrak. Gizon zaarrak, bizar zuridunak, makilla eskuan; mutillak txanoa buruan. Jantzi on eta garbi, ta zarpalla ere bai ausarki. Zaku, kaja, saski ta zamukak lasai.
Saltzeko gauza, lurrean zabalduta; ta saltzaleak, orobat lurrean, exerita. Zakuaz gañera geiena ikusten zana, fruta: laranjak, limoiak eta nik al dakit zenbat fruta-mota. Azeituna ere biltzen dute ango aldean. Lur-ontzi asko ere, errian egiñak, zeuden salgai.
Egia esan, ango ibillerarekin eta ango gauzarekin lilluratuta gelditu nintzan, alako uste ez bezelako tokiaz ta uralako plaza zabal ederraz. Nere gauza-berri ezagungabea ikusteko gogo amorratua, asetu zan goiz artan. Egia de ere, erri berrietan, azokaetarako joera izaten detala.
Ta ura ikusita, hotelean giñan. Transatlantique hotel ederra zan eta ala izango da orain ere, noski. Jana ta gela txukunak ziralarik, hotel gañetik ikusten genituan etxe ta palmera ederrak.
Arratsalderako itzemanda gelditu giñan suizarra ta ni. Ta esandako ordu jatorrean biak sartu giñan hoteleko bar-ean, nerekin edaririk artu nai bazuan.
Bar-ean bi gizon bel-beltzak zeuden zerbitzari, anaiak itxuraz. Edan bitartean, aietako batekin asi giñan izketan: ezpain aundi, sudur zapal, lagatza baño beltzagoa, oso itsusia zan. Argiak diz-diz arpegian. Txamar zuri arekin beltzago ematen zuan oraindik. Baño ura ere kristaua. Izketan berriz, atsegiña. Irria edo parra agertzen zitzaionean, ortzak zuri-zuri, gizon ona ematen zuan. Nere laguna suizarra zala jakin zuanean, oso adiskidetu zitzaion. Bera ere Suizan izana, ta pozik ibillia. Ango kontuekin ari zirala, zorionekoa gure bar-gizona. Gero ere joatekoa zala onelako ta alako tokitara. Ta ango izenak aipatuz —biek jakin ango berri— ezin geiagoko pozarekin erakusten zizkigun ortz zuriak bar-gizon beltzak. Gizon leiala ematen zuan. Noizbait andik atera bear ta nik suizarra gonbidatu nuana, bar-gizonak biak gonbidatu.
Apal-ondoan, suizarra ta gidariarekin bildu giñan irurak, fakir zalako batek bere lanean nolako gauzak egiten zituan ikusteko. Sartu giñan olaz itxitako barrunbe batean. Aulki luze batean —beste bi gizon eta emakume baten ondoan, irurak prantzesak— exeri giñan aurrez-aurre fakira geneukala. Bere eskubian, gizon zaar bat bizar zuria, lurrean exerita, labe txiki batekin ikatzak erretzen, le grand chef deitzen zutena. Fakir-aren ezkerrean, iru soñu-jotzale.
Asi ziran soñua jotzen eta baita ere fakira iñon ez diran salto ta dantzak egiten. Gero ta soñua beroago ta bera ere berotuago. Urrena ta zalaparta ikaragarriagoa. Iñoiz iruditu antzeko deabrua zebillen. Izardia gogotik. Gerritik gora larru-bizi zegoala esan bear genuan. Ta gizon sendoa batez ere.
Bere lana egiteko bear zuan bere burua zoratu. Ta, egia esan, gu geiago geunden zoratzeko bera baño, arek egiten zituan igidura ta zanko ta besoen ibiltzearekin. Ta geiago eziñean ari zala, gizona piztutzearren, asten ziran «iu-iu»ka ta karraxika, goian, ikusten ez ziran emakumeak. Oraintxe grand chefak uste zuan zoramena bere puntuan zeukala, baimena eman eta asten zitzaizun: orratz luzeak masalletik masallera pasa, aboa zabalik; beste orratzak zintzur-aurreko larrua pasa; baita ere besoak pasa, oriek guztiak odol-tantorik ixuri gabe. Geronen aurre-aurrean. Baita ere paper aundia sutan artu ta larruaren ondoan biraka ibilli gorputzean.
Baño okerrena oraindik ikusteko. Grand chefak eman zion burruntzi gori bat, bere labetxoan goritua, ta mingaña ez bion ba pasa burruntziari! Geren aurre-aurrean, bertaraño etorrita. Mingañean ez zeukan errearen arrastorik, baño arago errearen usai nazkagarria zabaldu zan. Ura zan azkena ta baita andik ateratzeko gogoa etorri. Irureunna franko pagatuta, zenbat jende lanean eta nolako lana.
Gure laguntzaleari, gidari edo bidari, otu zitzaion emakume dantzariak ikustera joatea. Bidea, illunpetan; izarren argia besterik ez. Giro otza. Ala ginjoazela, berek oi duten kanta tristiakin, arabiar bat ari zan kantari ikusi eziñeko toki artan. Bai soñu samiña. Gidariak dio: «Bai al dakizute zergatik ari dan ori kantari? Datil-gurdia dauka bere kontu ta loak ez artzeagatik ari da».
Sarrera pagatuta, lengoaren antzek olaz jositako barrunbe zabal batean sartu giñan orain ere. Dantzariak ere olaen gañean. Andik atzera, aulki-errenkada luzeak eta asko. Jendez ongi zegoan. Gu, irurak, erdi-erditik pasa ta baztar batean exeri giñan. Suizarra ta ni bakarrik zuriak; gañerako jendea beltz-antzekoa, kasta askotakoa. Emakume bat ari zala azaldu giñan. Ordea, orduan bukatzen eta urrengo emakume gaztea asi zan, aurrekoari txaloak jota gero. Emakume ederra; egia esan, legez jantzia, gau artan beintzat. Gu ezik, beste ango iñork baño arpegi zuriagoarekin.
Baño aien dantzak ez dira euskaldun-dantzak. Zutik, ia mugitzen ez dirala, pauso txiki-txiki batzuk aurrera-atzera, urdalla (estomaokoa) erabilliaz, ez dira toki beretik ateratzen. Gizonek gauzak esan eta neskak irria ezpañetan. Gidariaren iritziz, dantzari arek oso ederki egiten zuan dantzan. Ala bearko. Guri berriz ezere entenditzen ez, eta asper-asper egin baño len, alkarrikeñu egin eta suizarra ta ni kanpora atera giñan gidariarekin batean.
V
TUGURT
Goizeko trenean irten giñan suizarra ta biak. Azkarra trena ta ederra. Gu bakarrik ginjoazen lekune batean. Alderdi ederra, lengo autokarretako jendearekin. Oraingoan ez ninjoan bakarrik, baizik suizarraren laguntzarekin, lasai ta pozik. Bai bera ere, naiz-eta autokarretan ni bezela ibilli ez izan, ega-ontzian etorri bai-zan Suizatik Biskrara. Baginjoazen bada ta gerokoak gero.
Erri koxkor batzuk pasa genituan. Baten izena bakarrik gelditu zait gogoan: Urir. Buztin koloreko erri ta lurrak, arresi edo moallaz ingurututako erria. Atea sartzeko, zuloak barrendik begiratzeko ta, arraultza-koskoen gisan, etxe-gain borobillak arresiaren gañetik. Baño benetan astindu ginduana, xotak ikusteak. Xota da gatzez zuritutako lur zabal eta berdiña, gatz-putzua. Mendietatik datozen ibaiak aterabiderik ez ta lur ondartsu aietan uzten dute gatza, elurra bezin zuri ikusten dala. Mendietan gatz-kozkorra izaki. Guk batean bat, bestean beste, trenaren azkartasunaren bidez ikusten genituan xot aiek, itsasoko ura baño ogeitamar metroz beeragokoak. Bertako jendeak gatz orrekin maniatzen du jana. Bai omen da Ech-Chott izenadun erri bat moallak gatz-arriekin egiñak eta gatz-arri puska aundietan zuloak eginda bizitzak dauzkatenak.
Eun eta larogeitamar kilometro trenean ibillita gero, iritxi giñan bada Tugurten, Hotel Transatlantiquen. Nere gelatik ederki asko ikusten zan azoka. Besteen antzekoa au ere, baño jende gutxi. Baziran emen zikiroak, aleak, datillak, pikuak eta erropa-saltzaleak ondarraren gañean. Baztar batean, ganbeluak merkatura etorriak. Iges ez egiteagatik, ganbelu bakoitzari anka-auarrea lotzen zioten iztarrari, ta belauna atzekaldera jarri. Ain luzaroan egonean zeudela, ganbelu-baba pilla ederrak agidanean.
Suizarrak eta nik txango bat asmatu genuen ondar-añoetara, dunetara, ganbelu-gañean joatekoa. Artu genituan bi ganbelu ta bi gidari, gu biontzat. Ganbeluaren gañera igotzeak ematen ditu lanak. Makurtzen da ganbelua lurreraño. Jarri zaite gañean, konkorraren atzean, zankoak zabalik eta eldu ondo zotz orreri. Aberea belauniko jartzen da ta zuk atzerakoa egiten dezu, atzea altxatzen du ta zuk aurrerakoa, zutik jartzen da zuk atzerakoa, ta zotzari eskerrak ez zera ganbelutik beera erori atzera-aurrerako orietan. Lurrera begiratzen badezu, uste baño gorago arkituko dezu zure burua.
Onelaxe, kontuz, zotzari ondo elduta, asi giñan ibiltzen erri-barrenean. Andik pixka bateko, zotza laga ta xigarroa asi giñan erretzen ganbeluaren gañean plazaren erditik pasa giñanean. Bai plaza zabal eta polita. Ura arkupe-errenkada luze ta zuria. Bai beste arkupeak ere. Palmera dotoreak etxe txurien gañetik burua agertzen. Zaldia dala ala astoa, gurdiari tiraka. Gizon bat edo beste.
Oasisaren baztarretik ondar zabalera atera giñan. Ura ondarrez. Ezin sinistu alako ondar-itsaso aundia. Gidariak, mutil kozkorra ta gizon gaztea, sokari tiraka. Andik bereala asi ziran beren gogozko kantakin. Ondarra azpian, baginjoazen aurrera erria atzean utzirik. Dunak gero ta bertago. Bero zegoan. Suizarra asi zan:
—Zu len ibillia al zera ganbeluaren gañean?
—Bai, baño berdin dio, orain dala lau urte ta denbora gutxian. Ni zu bezin nekatua noa. Ori esan nai al zenuan?
—Bai, zankoak onen zabal eukitzea ta aberearen bizkarraren aurrera-atzerakak, nekagarriak dira.
—Orixe bai.
—Badaukat gogoa dunetan gora ibiltzekoa.
—Oraintxe ez gaude urruti.
Ondarra zuria zan. Tarteka, palmera batzuk, basamortuan galduak bezela. Ala ere, orien buruko tximak alaigarriak dira. Ibilli genbillela, gure ezkerretara azaldu ziran oialezko bizitegiak, pamiliak alkarrekin basamortuan barrena ibiltzen diranenak. Ikusi-naia bageneukan, baño bertaratzeko usterik ez. Banaka batzuk, onuntzko aldean zebiltzanak, oso arpegi-beztuak zeuden. Danik eta berorik aundienarekin ere antxen ibiltzen dituzu. Bero kixkalgarriekin ez dira oial-azpitik ateratzen egunez. «Oiala» esan degu «ganbelu-larrua» esan bearrean. Ogia eguzkitan erretzen dute. Gurekin gaiztakeriren bat egin-nai izan bazuten, ez geneuken iges egiterik.
Pixka bat aurreraxeago, dunak azitzen asi ziranean, marabut bat ikusi genuan. Ona marabut zer dan: arrizko toki itxia, lau albokoa, gaña borobilla, barrena utsa. Aien erlijioko santuren bat iltzen danean, gorputza bizkar-gañean eramaten dute, ta atseden artzeko gelditzen diran toki bakoitzean, alako marabut bat egiten dute. Tarteka ikusten dira, ta aiek ibillitako bide guztia erreza da asmatzen.
Iritxi giñan bada dunetan. Suizarrak aiekin zeukan zoramena! Egia ere neroni pozik nengoala. Baño bai ibiltze gaitza dala. Gorakoan, atzera ez erortzearren, sendo eldu bear zaio zotz lodiari. Beerakoan berriz, okerrago, eutsi buruz beera ez erortzeko. Duna aundienetan, erortzeko zorian, ezin geiagoan, ler eginda irixten giñan beeraño.
Jetxi giñan ganbelutik lurrera pixka batean zankoak luzatzearren. Txoroaldiak eman ala nonbaitean irakurri, suizar gaztea asi zan dunetan beera bere burua botatzen zilipurdika ondarrean. Ni parrez, gidariak arriturik. Naiko zilipurdika eginda gero, ondar-azpian sartu bear zuala. Gerritik gorako erropak kendu ta larrubizi gelditu zan gorputz-erdi. Erretratatzeko majina eta leporaño sartzean, ateratzeko erretratua. Ta alaxe egin nion burua bakarrik ageri.
Ango jostaketak bukatuta, etxerako bidean asi giñan. Ni zilipurdika ibilli ez nintzana, berriz, antipar beltzak galdu, len neronek elurretan billatuak. Eguzkiak bizkarrean, nekea danean, gidariak oñez, bagentozen iru gizon eta mutik kozkor bat.
—Ederki saiatu zera —esan nion suizarrari—. Aurrerantzean oroipen polit ori izango dezu.
—Suizan asmoak artuta nengoan, onera etorri baño len. Baño, mutillak, bai nekagarria dala ganbeluaren ibillera.
Ta, bat-batean, ikaratua bezela:
—Mapan bai al dakizu zer ikusi detan? Uarglarako Temasin pasa bear da, ta Temasin izenaren ondoan eskorpion bat ikusi det pintatuta, ta orrek esan nai du pizti oriek dabiltzala guk igaro bear degun lekuan.
—Andik igarotzeagatik ez degu arriskorik gizona.
Elurretan bezela, ondarrean oin-atzak oargarri, eraman-bideak bai ginduan ekarri. Pasa genituan onuntzean arako guztiak. Erria gero ta bertago, baño baita ere gorputza nekatuago. «Genbiltzan, genbiltzan, allaatu giñen Tolosan». Ta baita Tugurten ere.
—Nekatu al zera zu? —galdetu zidan suizarrak.
—Bai, nekatu xamarra nago.
—Eskerrak oraintxe errira iritxi gerala, bestela nere burua botako nuan ganbelutik beera. Auek iztarrak, ezin zuzendu.
Ta andik pixka batera:
—Bi orduko ganbeluan ibiltzea bakarrik egin degularik! Ta pentsa nik Suizan beste lagunekin zazpi eguneko txangoa ganbeluz egitea asmatu genuala.
Ja-ja-jai! gozoa egin genuan biak-ala-biak.
Gerora errian ibilli giñan. Emen ere kale estu ta okerrak. Putzu asko oasisean. Putzu aueri eskerrak bizi dira oasisak eta baita ere erritik errirako bide luzeetan dabillen jendea. Lur-gañean gutxitan ikusten da ura; lur-azpian, ordea, ur-laisterrak izaten dira. Lurrean zuloak eginda egiten dituzte putzuak; ura saltalari.
Bazan errekatxo bat suizarra ta ni begira egon gintzaiona. Urari begira egon gintzaion, lurrean belauniko jarrita, makurtuta. Suizarrak asmatu zuan lenbiziko ganbusiak ikusten. Ganbusia da angularen antzeko arrai ttiki-ttiki bat, arrea, oso bizia, oso azkarra, begien aurrean ibillita bein-beingoan ikusten ez dana. Ganbusiak jaten ditu anofeles izeneko eltxoak erreka-baztarretan, landare ta belarretan, jartzen dituan arrak. Eltxo onen koskak malaria deritzaion eri edo gaitz txarra ekartzen du, oso erantzikorra. Gaitz orretatik bertako jendea begiratzearren, prantzesek arraitxo oriek Ameriketatik ekarri ta errekaetan zabaldu dituzte. Ala ere, badira arabiar astoak ganbusiak tortillan jaten dituztenak.
VI
UARGLA
Alkarri bostekoa eman eta «agur» suizarrari. Ordubi t'editan irteera, bazkalduta gero. Lau orduko bidea autokarrean. Baño ordurarteko biderik ederrena. Lurralde ura duna txikiz jositako lekua da. Tarteetan, ordea, bidea galipotez gogortua, ta alai ta bizkor zijoan autokarra alako toki ikusgarrian. Nere bakartasunaz aztu ta barrengo pozarekin ninjoan duna-tartean ibilli giñan bitartean beintzat. Besteetan dunarik ez eta putzu txiki bat edo beste, ala ondar bustia bakarrik, lur-azpitik sortutako urarekin. Urrena bai polita ere: bidea ondar ariñez estalia egoki ta plaia aundi batean begiña bezela autokarra korrika ondarraren gañean.
Ordea beroegi ta idei ikaragarriak asi ziran zeru-zolan, gero ta geiago. Lenbizi urrutian asi ziran tximistak. Geroago odeiak len baño beltzagoak jarri. Ondar bustiaren kolore berbera artu zuten eta tximistak eta turmoi-burrundak eta euri-zaparrada gogorra basamortuan. Ez dakit denbora luerako ez zalako ala autokarra azkarrik ibilli zalako, turmoiak eta tximistak aguri aitu ziran.
Uarglan iritxi giñanean illuntzen asia. Maletak jeisteko-zai nengoala, mutil polit bat etorri zitzaidan maleta eramateko: goitik beeraño zuriz jantzia, arpegia bakarrik ageri zuala, mutilla baño nexka obeto zirudiana. Baietz. Nere maletari txanda etorri zitzaionean, beste mutil kankar batek nere mutillari bultza ta maleta artu zuan berak eramateko ustez. Eldu nion nere maletari ta tirazo batez esku-utsik utzi nuan mutil kankarra. Nere mutillari bizkarraren gañean jarri ta abiatu giñan itzik atera gabe. Urrena,
—Goazemak Hotel Transatlantiquera.
Mutilla ixillik.
—Ez al dakik Hotel Transatlanque non dagoan? Ondo ezaguna izan bear du bada?
Ixillik. Aditzera ezin eman.
—Zein hotel dago emen, bada?
—Emen Hotel Transat —noizbait.
—Orixe ba. Goazemak hotel orretara.
An, ikusten danez, laburtuz esaten zioten Transat eta besterik ez zekiten. Transatlantique izenarekin hotel asko dago Aljerian. Lagungo edo konpañia omen za, diruz oso indartsua, Aljeriako hotel geienen jabe egin zana ta lengo izenenordez berea jarri ziena. Esamesak ere baziran prantzes politikalari batek, aren ogasunaren euneko berrogeien jabe egin zanean, politika utzi zuala.
Apaldu ta lotarakob este denborarik ez nuan izan. Goizean jeikita, gidaria etorri baño len, hotelari kanpotik begiraldi bat egin nion: etxe polita, leku bakarrean, lur-bizitza bakarrekikoa, etxe luzea, zuria, Sudango erara egiña, ondarra ta palmera batzuk inguruak, eskallera ederrarekin sarreran. Atze-aldean zeuden lo-gelak: sarrera aterik gabe, eskubitara jo ta ezker-aldean bata bestearen urren errenkadan zeuden gela atedunak.
Gidaria etorri zanean abiatu giñan oasis ikustera. An palmera-baso arrigarria dago, milloi bat palmera baño geiago. Ainbeste palmera ta palmera ikusi ta ea ango datil guztiak biltzen ote zituzten, galdetu nion gidariari. Baietz, ez zala alerik bildu gabe gelditzen, Urrian izaten zala aien uzta ta ikusgarriak izaten omen dira ango bildu-lanak kanpotarrentzat. Emen ere lur-azpiko urarekin putzu asko daude egiñak eta eskerrak aueri.
Aspaldian Uarglari «basamortuko erregiña» esaten zioten. Ogei-bat milla kristau bizi ziran: arabiarrak, bereberetarrak, tuaregtarrak, beltzak, nastuak eta ainbeste arraza. Alderdi beroa da, moallaz inguratua. Kaleak oso estuak, batez ere moalla-kontrakoak; bai zikiñak ere. Euliakin ito bear. Millaka ibiltzen ziran batean. Lurrean exerita zeuden aur aiek, munduko beste aur guztiak bezela beren jostalluekin ari ziran aur aiek, arpeiak beztutzeraño eusten zitzaizkien euliak, begien ondo-ondoraño. Aur gizajoek uxatzen zituzten euliak eskuakin, baño aurrak lenago aspertu eliak baño.
Euliak dirala bide, gaitz bildurgarri bat sortzen zaio ango jendeari, trakoma izenekoa. Gaitz onek jotzen dituanean, begiak poliki-poliki asten zaizkie itxitzen, gero ta geiago, azkenean itxututa gelditzen diralarik. Prantzesek sortu izan dituzten sendagai ederrak gaitz ori sendatzeko, trakomadun eunetatik iru gelditzeraño.
Gidaria baratz baten jabe zan et ara eraman ninduan ikusteko. Tokia ta gauza goretsi ta ederretsi nituan zirudidan erarik egokienean, ongi zaitua zeukala; baño belar aundi aien gañetik pasa bear genuanean, egia esan, kezkaz beterik ibiltzen nintzan.
—Izaten al da emen sugerik? —galdetu nion.
—Ez da orien garaia oraindik.
Ta garaiez eta sasoiez ari giñala, urrena esan zidan:
—Aurten negu gogorra ta atzeratua.
—Izaten al dezute emen otzik?
—Aurten izan degu; nere bizian aurten lenbiziko aldiz elurra ikusi. Zein polita dan elurra!
Ta gogoratu utsez poztu egiten zan gure gizon beltza, oso beltza ez bazan ere. Ez zan adimen kamotzeko gizona.
Ez nik nai bezin azkar, baño gidariaren amets-baratz ura utzi ta erri berrian, bar batean sartu giñan. Geienak prantzesak eta bertako bat edo beste ere bai. An ari ziran prantzesak aurreko eguneko ganbelu-apostuaz berriketan. Ango chameaudrome (xamodrom)an jokatu omen zuten eta ez omen da «mehari» bezelako ganbelu-arraza korrika.
Onetan, aljeriar bat bertaratu zitzaion gure gidariari ta alkarrekin izketan asi. Nik ez nien ezertxo ere ulertzen, baño etorriberriak alde egin zuanean, ala esan zidak gidariak:
—Nere adiskide ori gidari izana da, ni bezela, ta orain nai luke berriz gidari asi. Baño lapurretan egiteagatik giltzapean euki dute. Ta askatu badute ere, zer nai du nik egitea?
Kanpoan otsa ta zalaparta zirala, ibilli giñan ateraño. Ezkontza zan. Emakume-pil ederra gelditu zan gure aurrean tam-tam eta guzti. Aiekin batean, andregaia. Puxka batean egon ziran gizonezkoak etorri-zai ta begitaratu zituztenean jo zuten aurrera.
Andik pixka batera agertu ziran gizonezkoak senargaia berekin, tam-tam eta beste bibolin antzeko soñulariekin. «Mutil aberatsa ta orkesta ederra», ala zion gidariak. Pasa ziran emakumeen atzetik. Ta gu aieri begira, berriz, joan giñan plazaraño, ta an ezkutatu zitzaizkigun autsa arrotuta utzirik.
Plaza ederra zan, ordurarte ikusitako danetan ederrena. Arkupeak galanki lau aldeetara, baita ere balkoi borobil-erdiak. Guztia zuriz. Bat eta bi bizitzako etxe politak, etxe-gañak toki zabalak zituztela, ikustoki ederrak. Ta palmerak, zorioneko palmerak, palmera luzeak edergarri. Antxen agurtu nuan gidaria, «arratsalde arte».
Azoka ikusi gabe ezin egon eta betiko atsegiñez oartu nuan emengoa ere. Alaxe, abiatu nintzan hoteleraño bazkaltzeko ustez, baño goiztxo izaki ta ezer edateko gogo aundirik ez baneukan ere, saiatu nintzan eta zurrupa batez alderatu nintzaion nagusiari, ate-ondoan zegoan prantzes sendokoteari.
Ez naiz gogoratzen nola asi giñan izketan, baño bai izketa gozoa... Zer zala bide ez dakitela, asi ta laister eskorpionak aipatu zituan. Nik ez nion arreta aundirik egiten; baño bera beti lengo artan. Erantzun bear eta noizbait esan nion:
—Baño orain ez da izango pizti orien garaia. Gidariak esan didanez, sugeak ez dira asi oraindik.
—Bai, bai, badabiltza, gaiztakeriren bat nondik egingo ote duen.
—Ta orien koska txarra izaten al da?
—Oriek eltzen dutena il egiten da, ogeitalau ordu baño len! Batzuek beren lo-zorroan ez dute koskarik nabaritzen eta il egiten dira.
—Baño oean eltzen al dute? Nola da ori?
—Oriek, lo zaudela, sartzen dituzu ate-azpitik, orman gora igo ta beren burua botatzen dute oe-gañera. Bai ba, ez dakizu guk oe-anketan gas-ual (gas-oil)-potuak jartzen ditugula anketatik gora oera igo ez ditezen? Ontzien usai txarrari iges egiten diote.
Oraintxe lortu zuan ni kezkatzea. Ta ni pixka bat izutzen ari nintzala ikusi zuanean:
—Eskerrak nik badauzkatala orretarako «inyeziyo» onak. Ona beatz au, eskorpion batek eldua.
Ta egia zan, ederki mallatua zeukan.
—Beartuta ere —esan nion— eskerrak zuk badaukazula sendagai on ori.
Adiskidetu bearrean arkitzen nintzan.
* * *
Arratsaldean, lenbizi ikusi genuan erromarrek aspaldiko urteetan egindako putzu aundia. Bi gizon beltz zebiltzan ur-karraio beetik gora. Erretratatzeko esan eta prestatu ziralako, eskupekoa eman nien. Ordea, ematerakoan, gidariak geiegi zala ta nik gutxiago eman. Ixillik esanda ere, beltzak konturatu ta erritan eman zioten biek gidariari nik tutik ez nekian izkeran. Alakoxeren bat esango zioten: «Ta orrek geiago eman nai badu, iri zer?». Polliki-polliki aldendu ta Musée Saharienera joan giñan.
Baziran pizti illak, Foucauld Aba izan zaneko fotoak, Gouraud jenerala lurralde ura menderatzen aritu zanekoak, antziña-antziñan lur-azpiko leize-zuloetan billatutako pintura politetakoak eta beste zenbait gauza geiago. Piztietan, ikaragarrizko muskar aundiak, ondar kolorekoak, eta baita ere korkodilo txiki bat kolore berberekoa. Nik korkodiloari ez niion arretarik egiten eta gidarik, ezin egonik, beatzarekin ura ikusteko. «Ori baño aundiago ikusi det El Cairon, eta bizirik», esan nion. Ta ala zan, angoa bel-beltza zan, eta, askatuta egonagatik, aren eta gure tartean, belaunarañoko sasia besterik ez zegoan. Nonbait korkodiloek ezin dute burua altxa ez eta saltorik egin. Baztarrak ondo miatuta gero, atera giñan eta «agur eta eskarrik asko» gidariari.
Hoteleko bar-era abiatu nintzan eta, etxekoandrea zegoanez geroz, arekin antolatu bear kontuak, bada goizeko zazpitan irten eta arratsaldeko seiak arte ez nintzan Gardaian irixtekoa. Goiz jeikitzeko, goiz oeratu, ta apalduta bereala oeratu bearrean, neri jarri zitzaidan eskorpionen bildurra.
Gelan sartu orduko asi nintzan lanean. Leio aundi ura, atarira jotzen zuan leio ura, izan ez balitz naiago. Ondo-ondo itxia ote zegoan ikusita miatu nizkan zirrikito guztiak. Aietatik piztirik sartzerik ez zegoan. Ate-azpian berriz, indarka sartu nituan alfonbra guztiak. Gela-zapaia ta ormak zuri. Armaioaren atze, gain, azpi ta barrenak azterkatu nituan. Oe-ondoko maitxoa ankaz gora ibilli nuan. Oeari izugarrizko astindu ederra eman nion. Oriek guztiak eginda gero, gauza ta baztarrik txikienak miatuta gero, nekatuarren, pixka bat lasaitzen asi nintzan. «Alajaña, ez zegok gaizki —egiten nion nere buruari— bizia uztera Donostiatik oneraño etorri!» Bar-eko nagusia, adarra jotzen aritu ote zitzaidan? An ez zegoen oe-anketan «gas-ual» poturik.
Jarri nuan esnatzalea maitxoaren gañean. Oerako prestatu nintzan. Zapata bat ere maitxoan, oetik eskueran. Etzan nintzan. Argia itzaliko al nuan? Argi piztuarekin ez neukan lo-egiterik. Nagoan argia piztuta gau guztian lo-tantorik ere egiten ez badet. Okerrago betiko loak artzea. Alaxe nengoala, amarrak aldean, argia pluxt itzali zan. Orduan gogoratu an ere itzalialdiak izaten zirala. Zer egin? Joango al nintzan bar-era kandela-billa? Zer esango zuten? Gau guztian eukiko al nuan kandela erretzen? Ez. Jaiki nintzan, poxpolua piztu ta kaja maitxoaren gañean utzi.
Illunpean nengoala, batere uste gabe, loak artu ninduan. Ez dakit noiz arte egon nintzan lo. Baño bat-batean esnatuta, kolpe batean exeri, poxpolua piztu ta zapatari eldu, «amen» esan baño len egin nituan. Burukoa altxa nuan zapata eskuan. Ibai-xangurruaren antzeko pizti iura ikusten banuan, nere amorrazioarekin zapal-zapal egin arte joko nuan, txirtxildu arte, neroni nazkatuko banintz ere. Oe-tapakiak, ordea, zuri.
Zapata utzi ta begiak itxi nituan. Ostera ere, lo. Ez dakit zenbat denboran. Berriro esnatu nintzan lengo tankeran. Baño oraingoan kanpoko argia sartzen zan leioko zirrikitoetatik. Lasaitu nintzan. Goizeko bostak. Jaikitzeko ordua etorrita nengoan. Nere bizi guztian ez zait gutxiago kostatu goizeko bostetan jeikitzea egun artan baño. Leiatillak zabalduta, egin nituen egiteko guztiak andik alde egiteko. Bar-ean gosaldu ta maleta ta guzti exeri nintzan atarian autokarraren zai, denbora sobra.
Otz zegoan. Orduan eguzkia ateratzen palmera baten txima beltzen atzetik. Beste aldean, palmera luze bat erdiraño more-kolorez argitua. Txoriak txio-txioka. «Suizarra baletorke bar-eko nagusiarekin itzegitera!» —pentsatu nuan—.
VII
GARDAIA
Bidea luzea zan eta zenbait ordu ibillita gero, eguardi-aldean, autokarra gelditu zan. Atzean zetorren soldaru prantzesak txoperrarenganaño joan eta itz egin zion. Txoperrak berriz, bere aldean ninjoanari, jeisteko. Ta jetxi nintzan. Nik ez nituan ezagutzen ez soldarua, ez txoperra. Nora joatekoak giñan ere, ez nekian ezertxo. Ta irurak alkarrekin asi giñan ibiltzen. Atzean, autokarra aljeritarrez betea. Bazegoan an «borda-bete bordari».
Sartu giñan lur zabalean bidexka batetik, alkarren atzean, irurak errenkadan. Ni aieri segi. Puxka bat ibillita gero, itzik atera gabe, soldaruek kanpoan izan oi dituzten oialez estalitako txabola bat azaldu zan. Nozki, ura zan geren elburua. Iritxi giñan, «sartu zaitez» eta aurrera. Barrenen beste bi soldaru. Alkarri eskua eman genion. Iru gizonak an bizi ziran oe banakin, ez zer asko geiagorekin. Loturak eta maletak, ez oso txukun. Erropa zintzilik, ez oso garbi. Aietako batek oe-ondoko maitxoan neska polit baten erretratua zeukan. Pozik erakutsi zigun andregaiaren irudia.
Atera zuten txarkuteriko gauza ta ogia. Edaria, anixeta urakin (putzuko ura). Ezin muxiñik egin. Izketan asi ziran beren kontuekin. Nik nongoa nintzan eta nora ninjoan agertu nien. Urrena, gazta jan. Gero, kape beroa eman ziguten. Ta xigarroak erreaz izketa bukatu zan. Azkenik, alako soldaru atsegiñeri eskerrak emanez, txoperra ta ni biurtu giñan. Autokarrera etorri giñanean, aljeriar gizajoak ixillik zeuden. Ni, lotsatzen asia. Agian, bazkaltzeko denbora eman al zien?
Oraindik ordu asko egin genituan autokarrean, ondo nekatzeraño. Ta irixteko garaia iruditu zitzaidanean, asten da autokarra maldan beera, arbola-tartean, bira batera ta bira bestera. Ta naiko bira eginda gero, non azaltzen dan, adar-tartean, Gardaia zuria! Erriaren atzean ondarra, urrrena palmerak eta atzenean mendi zapal luze bat. Autokarra geratu zanean, Hotel Transat ber-bertan. Oso hotel ederra bai kanpotik eta bai barrendik.
Gardaian poz-pozik egon nintzan, antxen basamortu zabala bukatu balitz bezela, antxen basamortuko bakartasun aspergarria ezereztu balitz bezela. Erriko dorre garaietik ikusita, ango etxe, plaza, oasis, ondoko mendiak eta Melika ta Beni Isgen inguruko erriak ikusita, ordurañoko atsegiñetan atsegiñena antxen arkitu nuan. Hotel erosoa, ongi zaitua ta jende onekoa. Danetatik bazan an; eta tabako ona, musika ta erradioko berriak ezik, erria ta bere inguruak ondo ikusteko jakinbide eta erreztasun guztiak eman zizkidaten. Alaxe ikusi nuan esandako dorre edo minara. Minar oriek izaten dira mezkitaetako dorre luze lautuak. Andik deitu oi du deilariak jendea, ojuka, otoitz-ordua danean.
Erriko plaza politan ere izan nintzan. An izaten zan azoka. Plazaren lau alboak arkupezkoak, zuri-zuriak, tarteka leio txiki bakarrarekin. Ango etxe aundienetako baten goiari «Begiratokia» esaten zioten eta, benetan, arritzeko moduan ikusten ziran erria ta inguruak, ta len aipatutako minar-a, erpiñenean. Gogoz ikusi ta gogoz ibilli. Juduen auzoa ere ikusi nuan eta, guztia oartu naiean, baita ere zaldia putzu batetik ura ateratzen tramankulu bateri tiraka, ango eten gabeko joan-etorri ta txirrioak erotu ainbestekoak zirala; baita ere mutillak eskolatik korrika ateratzen; baita ere aljeriar bikaña (judua izango zan, noski) berebiziko mozkorrarekin bi paretak joka (eskerrak kale extuari), beste iñor ezin-pasa posturan... Arek bazeraman bere diñako mokolloa.
Ango jendea bestelako kasta da, morabtarrak deritzaie. Basamortuko «garbiak» omen dira. Beren erlijioko Koran liburu santuak dion guztia itzez-itz artzen dute, ta andik kanpoko beste iritzi edo usterik ez dute onartzen. Beren erlijioak lau emazte izateko eskubidea emanarren, bakarra artzen dute. Gutxitan austen dute ezkontza, ta galazia dute gizonek atzerriko emakumeekin ezkontzea. Gauez eta ixillik lurperatzen dituzte illak. Bazan minar-aren ondoan terraza bat lurra txuri-txuri. Ura zer ta ildegia omen zan.
Oriek eta beste aparteko gauzak dituztela-ta, mahomatarrek alde txarrera artzen dituzte. Nere galdera bateri erantzunez, nerekin zijoan gidariak esan zidan an neskak amabi urte aldean ezkontzen dirala, ta maiz asko beren gizona izatekoa dana ez omen dute ezagutzen ezkontza-egun bertaraño.
Melika, Gardaiatik kilometro bateko bidean, len mozabtarren erri santua izana da. Ara joaten dira neskatxak Isa Jaunaren animari otoitz egitera beren ametsetako senargaia eman dezaien. (Urkiolako San Antoniori bezelatsu). Aitz batean egindako zuloan olio-argi bat jartzen diote.
Beni Isgen, erri santuetan santuena, bi kilometroko bidean. Oraindik erriko ateak gabero itxitzen dituzte ta ez diote babesik ematen beren erlijioz kanpoko iñortxori. Arresi edo moallaz inguratutako erria da, minar bat erpiñenean.
Arratsalde batean gertatu giñan emakume prantzes bi ta ni batetxoan sarrerako atean. Emakume aundiak ala ere. Aurre-aurrean, iru alboko plaza txiki bat. Inguruan, kartoi-itxurazko etxe alkarren antzeko garbiak. Zaarrak batzarra artzekoak ziran. Ara iritxi arteraño ez nuan ainbeste bizar zuri ikusi batean, ez-eta ain txukun jantzitako aljeriarrik beren oial oneko txilaba ta buru-jirako zuriekin. Zerbaitengatik esaten diote «erri otoitz-zale ta aberatsa». Ondasun aundiak gordeta dauzkatelaren susmoa ere bada.
Kale extu ta jira-bira aietan gora, asi giñan bi emakume prantzesak eta ni minar-a ikusteko gidari baten laguntzarekin. Lenbiziko ni iritxi nintzan dorre-gañean eta arrigarria, beeko terrazaetan bilduta zeuden emakumeak —ez bai dute kalera ateratzerik— goitik xomorroak ziruditela, non asten dira korrika guztiak ezkutatzeraño. Emakume prantzesak berak arrituta gelditu ziran orrenbestez, gizon bat ikusi utsarekin (agidanean ginballarekin okerrago) aiek ibilli zuten korrika ikustean. An,ezta emakume ezkonduak, ikusgarrien bat duten bitartean, ez dita kalera ateratzen. Eta bai onentxegatik eta bai kaleek moallaren kontra aterabiderik ez dutelako, ango emakumeek etxe-gañetan izaten dituzte beren «emakume-artea». Nere bizi guztian ez nukean sinistuko emakumeek ain bildur aundia leukadaketenik! Emakumeak ezin ditezke arpegi-utsik kanpoan ibilli. Guk ikusi genituan batek edo bestek, zaartxoak, begi bakarrarekin ikusteko zuloa ageri zuten. Ezta ere, ezin ditezke mezkita batean sartu.
Beni-Isgenen illak arpegia La Mekara begira lurperatzen dituzte. Gizonek arri bat zutik izaten dute buruan eta beste bat oñetan; emakumeek beste irugarren bat erdian.
Goitik ikuste bikaña zalarik, beerakoan ezin-esan alako lur-oker ta etxe-korapilloa zan. Bein plazara etorrita lengo gizon zaarrez gañera geiago, ta bertako caid edo alkatea arrabeteko gain batean beso-aulki aundian exerita. Berrogei-bat urteko gizona, bibote beltza, fez dalako buruko gorriarekin. Bere tokitik jetxi ta, emakumeeri lenbizi, (ala jarrita; an ez dira, noski, uste orretakoak) eta gero neri eskua luzatu zigun. Nik, eskua estutuz gañera, izugarrizko ginbail-kentzea egin nion, berak buru-utsik beñere ez egonagatik.
* * *
Gardaia ta bere inguruak nai bezela ikusita gero, Transateko nagusiarekin izketaratu nintzan El Golearako urrengo txangoa ibiltzeko. Nere bide-paperak ala zion: «Martxoak 14. Gardaiatik irteera autokarrean, goizeko seietan. Bazkaria, bidean. El Golean iritxi arratsaldeko lauetan». Baño nagusiak zion, eta egiazki, egun artan igandea zala ta urrengo astearteraño ez zala autokarrik.
Ez-izate orrek estualdi gogorra zekarkidan, bada esandako astearte orretan El Goleatik ateratzekoa nintzan ega-ontzian Timimunerako, onen urrengo txangoa, ta ezin nuan astearteraño itxaro, ega-ontzia artzeko betarik ez nuan izango-ta. Uste gabeko onekin nere irudipen eta asmoek bat-batean lurra jo zuten.
Orduan aukera auxe neukala, esan zidan nagusiak: joateko kamion batean, nai banuan, bera joango zala S.A.T.T.era (Societé Algérienne de Transports Tropicaux) 14ean kamiona bazanik egiazki jakiteko. Onelaxe, naiz ain eroso egon ez, garaiz iritxiko nintzala El Golean ta orrez gañera bateko bide-txartela bestekoarekin trukatu lezakeala.
Baietzean gelditu giñan. Zoritxarreko kamiona! Martxoak 14ko igande artan goizeko zazpitarako prest nengoan nere maletarekin hoteleko aurrean eta nagusiak bil-bilegindako jan ugariarekin. Zortziak arte ez zan kamiona etorri. Noizbait ere.
Bi gizon beltz edo beltzondo zetozen, galtzak eta txamarrakin jantziak, buru-jirako zapi banakin. Ni ikusi nindutenean, txoperrak kamiona geratu; ta bere ondoan zetorren «laguntzalea» jetxi, nere maleta artu ta karga-tokira eraman zuan, bera ere toki berean gelditzen zalarik. Ni exeri nintzan txoperraren ondoko toki itxian, laguntzaleak laga ta neretzat utzitakoan. Dresseur edo antolatzale ori izaten da txoperraren morroia bezela. Txoperra au baño askoz geiago da. Laguntzaleak egiten ditu: karga igo-ta-jetxi ta kontu egin, kurpillak aldatu, bear dan ura bota motorrari, mandatuak egin eta baita ere lasto-billa joan su egin bear danean. Gauzak gaizki ateratzen badira, berak izaten ditu aitzaki guztiak.
Alaxe atera nintzan Gardaiatik igande-egun artan.
VIII
GARDAIATIK EL GOLEARA.
ASI
Gu, aurreko biak, puxka batean itzik atera gabe ginjoazen. Nere ondoko laguna gaztea zan, azeituna kolorekoa, bibote txiki beltzarekin. Ni asi nintzan:
—Au bide ederra! Onelakoxea al da guztia?
—Bai zera! —ain bat-batean erantzun, nere gogozko uste ura ber-bertan txikitu zidala—. Ega-ontzien tokiraño bakarrik.
Orduan konturatu txango ura aidez joan banintz obeto egin izango nuala. Baño bideari lotu nintzaion eta artaz geroz ez nuen gogorik jakin-nai ta nastetan aritzekoa. Ez, bada, ezer berririk bururatzerik nai, ninjoan (joan nendin) nere kamionan, beeko bidez jakingarri geiago ta basamortua obeto ikusiko nuala.
Ta ala zan, bide eder ura lister bukatu ta asi zan kamiona saltoka ta bi aldeetara mugitzen puskatzeko itxuran. Bide txarrakin asita ainbat kilometroan balantzaka ginjoazen. Obe-itxurarik ez. Denbora guztian ezta itzik ere. Naita ere ez zan erreza alkarrekin itzegitea. Noizbait itz bat edo beste asi giñan. Alako batean kamiona ura-bearrez geratu zan.
Orduan zertxobait jateko aukera zala, ta nere ondoan jarritako zorroa artu ta asi nintzan jatekoa ateratzen txoperra urarekin ari bitartean. Goiza aurrera joanagatik, jan-bearrez baño ni ere zerbaitean aritzeagatik asi nintzan. Txoperrari alkartasun onean ibilli gindezkeala erakutsi nai nion, bera ere nere aldera jarri zedin.
Atera nituan bi arraultza egosiak eta ogi puska bat, eta erdi bana asi giñan jaten nere lagun berria ta ni ibilli bitartean. Urrena, laranja bana. Xigarro bat ere eskeñi nion eta artu zuan. Jate puxka arekin lasaitzen asi giñan, eta ni lasaituago, bada zorroa txikiagotu zan.
—Zein ordutan uste dezu El Golean iritxiko gerala? —galdetu nion.
—Egun guztia bearko degu, noski.
Naigabez etsita, bideak zer-ikusi aundirik ez, asten da kamiona poliki ibiltzen, joaten da bide-ertzera... ta geldi. Gauza txarren bat gertatu zalakoan, txoperrari galdetu nion:
—Bai al dago okerrik?
—Bai.
Jetxi zan txoperra kamionatik, altxa zuan aurreko estalgarria ta, bere kidearekin, biak asi ziran motorrari begira ta ikutuak egiten. Nik berriz, aien arpegieri begira, batez ere txoperrari, ajol aundiko okerra ote zan asmatu naiez. Itxura txarreko kontua. Altzaiduzko zer bat atera zuan bi puska eginda. Istillu gorria! Arpegian igarri nion nekezkoa zitzaiola egia esatea, bai zekian nik naigabe aundia artuko nuala-ta.
—Oker aundia al da?
—Ezin gindezke emendik mugitu.
—Gaua emen pasa bearko al degu?
—Bigar arte ez da pasako gure etxeko kamiona.
Basamortu gorrian geunden, 155 kilometro irtendako tokitik eta 205 kilometro elburura. Berealaxe asi zitzaidan burua lanean. Zein arrisku letozkidakean eta aiengandik nere bizia nola begiratu nezakean, asi nintzan nere barrena aztertzen. Ez geiei estututa, ordea: bildurra lagun txarra bai da. Nere jakin guztiarekin jokatuko nuan. Tokia, garai, bideko lagunak, danak gogoan artu bear. Gauzak gaizki etorrita, ez zan erreza izango andik alde egitea. Ez geunden denbora askotan tanekra artan bildurrak kosk egiteko. Nere buru ta biotzaren jabe nengoala, oraindik larrialdi txarrik jarri ez zitzaidala, askotan gerta oi dan bezela, non nabaritzen degun, Jaungoiko maite-maite, non nabaritzen degun gure atzetik prantzes soldaruen jeep dalako bat datorrela ta parean gelditzen dala.
Etorriberriak bi soldaru aljeriarrak ziran: sudur-motz, ezpañaundi, buru-jirako zapi zuriarekin, kaki-jantzian. Nere txoperrak eta soldaruak arabe-izkeran itzegin zuten, nik tutik ulertzen ez niela.
—Esaiezu, arren —eskatu nion— ea beren kotxian eramango ninduketen.
—Orixe berbera galdetu diet eta baietz erantzun dute. Emendik bost kilometrora dagoan relais edo alda-toki bateraño eramango zaituztela; an, bederik, gau guztian etzanda egon zindezke.
Bidean urrengo eguneraño egon-bearrak ez ninduan askorik alaitzen; alaz guztiz bertan baño obeto egongo nintzala aipatutako tokian, bideari jarraitzeko ere aukera obean egongo nintzala, ta, noan, joan nintzan aiengana. Laguntzaleak maleta toki berrira aldatu zuan. Ala ere, eskarrik asko.
An gelditu ziran biak, txoperra ta laguntzalea, bere autokar edo «auto-oker» arekin.
* * *
Jeep ura sinist eziñeko tramankulu traketsa zan. Exerita egonda ere, ikaragarrizko zartakoak artzen nituan. Ura gaxoak eramateko jarriko balute, gaxo guztiak il, gu osasundunak gaxotzen giñan era berean. Ni beintzat zanpa-zanpa eginda ninjoan. Nere urdallari aal nuan ondoen eusten nion eta pazientziz kolpe aiek guztiak jasan bear geiago eziñean, nereak egiten ez zuan bitartean. Ain gaizki ninjoala bide, ez nuan batere gogorik zalako relais ura baño aruntzago joatekoa, naiz eta asieran bost kilometro baño aurrerago ez-ibiltzeak min aundia eman.
Begitaratu genuan, bada, alda-tokia, ta azkenez iritxi giñan araño. Orra ba nere gaitz, neke, ziñak eta miñak antxen bukatu. Eskerrak eman nizkien biotzetik eraman ninduten bi soldarueri, aiekin ibilli-guztian itzik atera ez banuan ere, ta zuzenean joan nintzan ate-ondoan zegoan prantzes sarjentuarengana; bada ura ez zan ostatua bederik, baizik ssoldaru-etxea, kantina ta guzti, ta nik «egun on» egiña an zanik soldaruzko bakarra zan.
Adierazi nion neri gertatua ta barrena pasatzeko baimena eman zidan. Patiña aurrean, sartu nintzan erdian zegoaneko urik gabeko iturri eder baten ondotik eta ezkerrera jo nuan kantina edo jan-gela zegoaneko artara. Patiñako aurrea zan, itxuraz, etxe aren kontu-egille edo nagusi-ordearen bizitza, len soldaruzko opizialen tokia izana baldin baite. Eskubia, geroago ikusi nuan bezela, etzalekua, bost oetzar artzeko añako soldaru-lekua.
Kantinan, txoper-jendea. «Egun on» esanda, exeri nintzan aien ondoan atzeko mai luze baten muturrean. Nagusi-ordearekin ari zirala, lenbiziko gauza jakin nuana an ez zala ogirik, ez ardorik, ez garardorik, ez kaferik eta ez kontserbarik, anixeta ala pipermint edo menda besterik ez. Edo-ta, arek ez zuala ostatu itxurarik, maia, aulkiak eta aurreko botillategi kaxkarra izanagatik. Ementxen egoten zan ain gauza gutxien jabe zan gizon zaar atsegiña ta, bera eziñean, bere seme gaztea.
Nere janaren zorroa idiki nuan eta eskeñi nien besteeri jan nai bazuten. Ezetz, eskarrik asko. Atera nituan ogia, Yorkeko urdai-azpiko gozoa, pâté de foie, azeitunak, gazta-kaja txikia ta laranjak. Arraultza egosiak bidean jan genituan. Bazkaldarrek begi onez ar nintzaten, berriro ausartu nintzan esaten:
—Neretzat bakarrik jan geiegi daukat.
Aldameneko txoperrak erantzun zidan:
—Basamortuan ezin diteke beñere esan jana geiegizkoa dala.
Arrazoia zeukan, ez intzan ondo konturatu.
Araño nola iritxi nintzan galdetu zidan, eta gertatua aitortu nion.
—Ni, bazkal-ondoan, —esan zidan— Gardaiara noa ta bigar ostera emen naiz El Golearako.
—Gizona —erantzi nion— baldin nik aukera onik ez baneuka, joango al nintzake zurekin txango au bukatzearren?
—Bai, noski.
El Golean seguru irixteko zetorkidan ustegabeko eskeintza arek indartu ninduan. Urrengo egunean aterata ere, astearteko ega-ontzia ar nezakean. Beste aldez, nengoan leku artan gero ta egoera txarragoa egingo zitzaidalaren ustea neukan, naiz eta ain arrera ona izan eta ain gogoz nik eskerrak eman.
Nik jan bitartean, txoperrak beren otordua bukatzen ari ziran, eta bukatu-ala kantinatik alde egiten zuten. Nere ondoko laguna, nerekin zerbait itzegiña, beraz, ura ere ezkutatu zan.
Kantinako mai batean tokia artu ta bazkaltzeko guztian ezere ez eskatzea, lotsagarri iruditzen zitzaidan. Ni utsean nengoan bezela, nere burua ajola gutxikoa ikusten nuan, eta leku artan, are geiago, kontuzkoa izan bear. Kantina-gizon zaarra deitu nuan eta, arren, baso bat ur anixetarekin emateko. Basamortuko errietan auxe da hoteletako bar-etan geientsu edaten dan edaria, langille ta gobernu-zerbitzari prantzesek edaten dutena.
Xigarro bat erre bitartean, aren erdia bakarrik edan nuan, zerbait artzearren, an inguruan ikusitako putzu artatik ekarria izango zalaren ustearekin nazkatuta. Baño erretzez bukatu baño lenago, nere gizon zaar ura nereganatu ta berari jarraitzeko, ta aurreko etzalekura eraman ninduan. Ate-ondoko oea erakutsi beatzarekin eta tapaki bat emanaz, ala esan zidan:
—Etzan zaitez or ta atseden artzazu.
—Bai, baña...
—Ez dago «baña»rik, siesta egintzazu.
—Ta joan egin zan, nonbait neretzat nai zuana berari gogoak emanda zegoan.
IX
GARDAIATIK EL GOLEARA.
EGON
Sasoi artan, sendalariek esanda, bazkalondoz exeri ala etzan egiten nintzan egonean egoteko; ala, etzan-bearrez gañera, gizon zaarrak etzanerazi. Ta iru ordu laurdentxo egon nintzan etzanda: nere gogo ezin-egonarentzat denbora geiegi, relais edo alda-toki artatik lenbaitlen atera nairik urduri bai-nengoan.
Jeiki ta sarjentuarengana joan nintzan, nere bidetik lijoakean lenbiziko kamionan sartzeko asmotan lagundu nintzan.
—Bai, orixe —esan zidan— datorrena nere adiskideren bat baldin bada, seguru egon zindezke gaur bertan El Golean izango zerala.
Orduan konturatu ni danak ez zutela artzen aien bearrean arkitzen zan guztia, naiz autokarrean okerra izan, naiz ibillia ondo pagatu-nai izan. Andik ateratzea, orduraño nik uste baño zallagoa zala ikusi nuan. Ta soldaru-etxe artan gaua pasatzea zoritxar gorria iruditzen.
Sarjentua ez madarikatzearren, arengandik aldentzen nintzan eguraztu-itxuran, baño begietatik kendu gabe.
Denbora puxka bat igaro zan, naikoa itxuraz, ta ostera joan nintzan sarjentuarengana:
—Denbora asko al daramazu leku onetan? —galdetu nion—. Emengo bero erregarriak ondo eramaten al dituzu? Ez al dizute gaitzik egiten?
—Iru urte daramazkit emen eta oraindik ez naiz gaxorik egon, ain gauza gutxi naizenarren, ikusten dezun bezela. Indotxinan izan naiz. Amabost urteko soldaruzka osatzean —eta ez zait asko palta— zartzaro-errenta emango didate. Emen asko irabazten det eta gutxi gastatu. Gañera chantier bat (bide zabal baten egin-lanak) daukat eta sartzaro-saria artzean ezkonduko naiz. Prantzian daukat andregaia eta biak alkarrekin dendaren bat jartzeko asmoa artuta gaude.
Orduan nik nere biajeaz itzegin nion. Ta onetan geundela, zegokian aldera zetorrela, kamion bat ikusi nuan.
—Sarjentua —esan nion— or kamion bat dator. Ea au nere zorioneko kamiona al dan.
Geratu zanean eta txoperra kanpora atera zanean, zuzenean joan zitzaion sarjentua nere eskearekin.
Txoperrak baietz, baño neri begiratu zidanean, alako susmo gaiztoa jarri zitzaidan, alegia sarjentuari ezetz ez esateagatik, baño gogo txarrez artzen ninduala.
Gero alkarren artean berriro itzeginda, sarjentuak nereganatuta:
—Baño beste bi kamion etorri-bitartean itxoegin bearko dezu, au emendik atera baño lenago.
Baietz eta pozik, beintzat ala eman nien aditzera, beste erremediorik ez bai-neukan eta ez bai-nuan nai iñor madarikatzea.
Ala izateko naiak txoperraren abindua uste onez ar-erazi zidan. Zai bitartean, batera ta bestera nenbillen leku artan, baño geiegi aldendu gabe, ain ajol aundiko abagunea galdu ez nezan.
Bein geltokiko patiñan alkar ikusi genuan eta txoper etorriberriak esan zidan arratsaldeko bostak arte ezin gindezkeala atera. Nik berriz baietz.
Ordu jakiña nola bai-zan, len baño lasaiago asi nintzan ibiltzen, orduz-pasa ez ibiltzekotan, noski.
Ain bide luzean joan bear ura ez zan oso gozagarria. Eguzkia seiak aldean sartuko zan eta bide geiena gauez ibilli bearko nuan basamortuan, eta nik ezagungabeko bi aljeriar beltz, edo beltz-ondo, lagun nituala.
Esandako orduan berriro billatu nuan txoperra ta orduan esan zidan urrengo goizeko bostak arte ez zeukala ateratzerik.
Orduan ere baietz erantzun nion, baño Jainkoak daki zenbat añako miñarekin.
Artaz ainbeste, ateratzerik ez nuala-ta, gelditu zitzaizkidan gazta, ogi puska ta bi laranjak jatea erabaki nuan. Ain apari exkaxarekin —edaritzat pipermint, «zerbait artzearren»—, arrats-aldeko seietan oeratu nintzan: beste egitekorik ez bai-neukan, eta ain goiz jeiki bear nuanez geroz, nere gorputzari bear bezelako atsedena eman nezaion.
Bost oeko etzalekuan ez zan ez tximista-argirik ez eta krisalluarenik. Maleta, ate-atzean. Nik txamarra ta zapatak bakarrik kendu nituan, eta alkandorako peloa ta korbata lasaitu. Burukoaren azpian, erlojua ta poxpolo-kaja sartu nituan. Tapakia gañean jarri ta illunpean gelditu nintzan.
Entzun al diezu, irakurle maitea, eskizale ala mendizaleeri beren gogozko aundikeriak esaten, apal-itxuran beren buruak, bai egin-gauzetan bai jasan-bearretan, beren buruak izugarri azaltzen? Ala eiztarieri ibillitako lanbide guztiak zearo adierazten? Orrelakorik ezean, zakur-zaleeri, batez ere zakur-nagusieri, beren zakurren egiteko jakintsu, parragarri ala aien leialtasuna goratzen, ala itzegin ez-besteko edergarri guztiak aipatzen, entzungo zenien bederik? Bada txoperrak biltzen diranean, zer-esan naikoa ta sobra izaten dute beren gaietan eta beren lanbideetan gertatutakoekin, eta ez-izanekin, berriketan baztarrak nazkatzen.
Bederatziak aldean, kantinatik apaldu-berrian zetozela-edo, beren jardunekin nere lo ederra ondatu zidaten. Ta amarretan oraindik ere jarraitzen zuan aien itz-jarioak eten gabe, bai etzaleku-kanpoan eta bai barrenean ere. Naiko tapakirik ez ta ojuka eskatu zituzten, eta poxpoloak itzali ziranean, bost oekoak zerenda batean geldti giñan soldaru-etxe artako etzalekuan. An, azkenez, aitu zitzaizkien goiko ta beeko soñu guztiak. Goiko leio borobilletatik, basamortuko illargiaren izpiak sartzen ziran...
* * *
Tarteka egiten nuan nik lo. Txangoarako seguruago egoteagatik galtzen nuan nik loa. Tarteka, beraz, piztutzen nituan poxpoloak ordua ikusteko ta berealaxe itzali nere etzaleku-lagunak esnatu ez zitezen.
Goizeko bostak laurden gutxiagotan, lo gaizki eginda, ateratzen nuan maleta illunpetatik, eta illargiak argitutako patiñan sartzen nintzan, berotu nairik, gauak basamortuan otzak izaten bai-dira.
Ta etxe artako ateraño abiatu nintzanean, an kamionik ez zala ikusi nuan ikaratuta. Nere «txoper-piper»-ek (ura bai «piper min»), ordua baño len alde egin zuan toki artatik.
Orduan gogoratu nere oetik urrutiko motorraren soñua entzuna. Ta ni, gixaxo au, lo gelditzen banintz irten baño len atea joka deitzera etorriko zirala sinistuta! Danetara ere, obea zan gogo txarreko jendearekin gauez ateratzea baño: arrisko gutxiago. Uste onekin, koldartu gabe, nere maleta eskuan, ostera biurtu nintzan etzalekura, ango lau txoperretatik bateren bat El Golearako bidean joango zalaren uste berriarekin.
Seiak aldean ata jo zuten lau txoperrentzat. Ni aiekin batean jeiki nintzan aien ondoan ibiltzeagatik. Atetik ateratzean, aietako azkenak esan zidan:
—A, baño, zu al ziñan emen zegoana? Gizon bat aipatu ziguten eta ni gu bezelakoxeren bat izango ziñala irudituta nengoan. Barka gintzakezu zurekin oso eratsuak ez izatea.
Ta aren abagune polita atxituz, erantzun nion:
—Ez da zer barkatu, ezertxo ere. Esaidazu, zuetakoren bat joateko al da El Goleara?
—Ez, iñortxo ez.
Orra berriro nere biotza zimurtu.
—Badakizu —jarraitu nuan nere aldekoa izateagatik— atzo autokarra kaltetu zitzaigula-ta nago ni emen, eta bearrekoa det El Goleara joatea. Batek goizeko bostetan eramango ninduala abindu zidan, eta bostak laurden gutxitako pronto nengoela joan egin da.
—Iges egin dizu. Nik motorraren soñua nabaritu det. Alaz guztiz, gaur goizean ateratzeko aukera izango dezu, ene ustez.
Ondo pentsatuta, bein gaua an pasaz geroz, aren iges gaiztoagatik ez nuke ajolik. Bazkaritarako nere mae-ondoko lagunak esan zidanez, eguardian seguru pasako zala. Bañao Gardaiarako bidean, ala El Golearako, onuntzean, okerrik zaingo balu? Basamortuko bideetan okerrak-izate oriek maiz gertatzen ziranak asi zitzaidan iruditzen. Ez, aal nuan aguroena ateratzen saiatu bear nuan, lenengo abaguneari eldu, leku ura egiñaalean lenbaitlen utzi.
Ta onetan nere baitan ari nintzala, etortzen zait laisterka etzalekuko txoper ura esanez:
—Or kanpoan badaude iru kamion taldean In Salahra dijoazenak. Oiekin batean joan zindezke.
Berealaxe atera nintzan kanpora, ta etorriberrien artean lenbiziko topo egin nuanarekin asi nintzan. Esatez bukatu baño len, «esaiozu gizon orreri» bidali ninduan bere lagunetako batengana. Onek berriz, lengoaren bide errezatik, eta bere antzera, beste irugarren batengana igorri ninduan. Adarra jotzen ari ote zitzaizkidan zalantzan jarri nintzan; besterik ez nuen bear. Baño azkeneko onek, taldearen buru zijoana, nere eskea arretaz entzun ta galdetu zidan:
—Eta non da kaltetutako zuen autokar ori?
—Bada bost-bat kilometroko bidean dagoan ori da, onuntzean ikusiko zenuten ori. Eskerrak emango nizkitzuke gogo betez. Mesede aundia egingo zenidake. Pozik pagatuko nizuke nai dezuna.
Ta biotz oneko gizon arek, itzez-itz ala erantzun zidan:
—On ne va pas vous laisser seul quand même. (Danetara ere ez zaitugu bakarrik utziko).
«Millesker» bein eta berriz esanda, arkumea baño otzanago, nere burua apal erakutsiz, arrokeri-kutsurik oartu ez lizaidaketen, aiek ni ez-ikusi nenbillela, etortzen zait berriro etzalekuko txoperra ta: «Esan dit eramango zaituala». Neri ere orixe bera abindu zidala ta eskarrik asko esateagatik, erantzun nion.
Kafea egiten asi ziran, an kanpoan, neskaferekin egiña. Katilluak, potuak eta tresnak jarri zituzten kamionaren kurpillaren gañean, jeisteko ta bestelako koxka guztitan. Ni ere deitu ninduten goiztar gosari artatik artzeko ta baita ere esandako etzalekuko txoperrari. Oi-ezko gosaria izanagatik pozik artu nuan eta baita ere txoperrak: «Ni zoritxarrekoa izaten naiz baldin goizean nere kafetxoa artzen ez badet», zion pozik eskuak bata bestearekin igurtziz. Azukrea gutxitxo bai-zegoan, kanporatu nuan nere maletatik etxetik ateratzean sartu nituan koxkor aietako pilla bat eta eman nien artu-ala. Baita ere banatu nituan guztien artean xigarro piñak, nik ere zerbait jarri nezan, aienganako tartea gutxitu lizaidakean.
Iru kamionak beraz, In Salahra joatekoak ziran, El Goleatik zear, erri onetatik aurrera oraindik kilometro asko egitekoak; onetxengatik irixteko seguru nengoan, bide luzeagoak egiteko gaituak bazeuden, nere diña egiteko areago. Ala ere, poza zertxobait estutu zitzaidan, iru kamionetan ni ninjoanekoa azkena zala oartu nuanean. Gure kamionak besteengandikurruti okerrik izango balu, gure gelditzeaz konturako al ziran beste biak? Obe izango zan, noski, gu aien buru aterako bagiñan, zer gerta ere, onela ez nuan toki paltarik izango bigarren ala irugarren kamionan. Kontua zan gu abian asten giñala. Berreun kilometro egiteko geunden.
Eguzkia orduantxe atera.
X
GARDAIATIK EL GOLEARA.
BUKA.
Ibil-taldearen buru zana ta ni ginjoazen alkarrekin kamioi-aurreko toki itxian. Garerdiko gizona zan bera: potolo xamarra, ez txiki ez aundi, musugorri. Prantzesa zan, berritsua, aldizka panparroia ta gizon ona. Ni esker-zorduna nintzaion.
Alkarren berri jakiteagatik, Donostiatik nentorrela esan nion, orduraño ibillitako bideaz itzegin nion eta andik aurrerako zein asmo nerabilzkian; baita ere ikusitakoaz neukan irudipena azaldu ta zoritxarreko okerra nola izan zan edestu; bere ontasunari eskerrak nere elburura nola iritxi nintekean.
Neri egindako mesedeari ez zion ajol aundirik eman eta, bere aldetik, nere erritik urbil zegoan lurraldekoa zala esan zidan: Bearnetarra ta Olorongoa.
Baietz, erantzi nion, alaxe zala, Oloron Euskalerriko mugatik urbil zegoala ta bein elurretara eskiakin joanda ezagutu nuala erri ura, Restaurant de la Posten oso ederki bazkaldu nuala. Oroipen ona neukan nik Olorongoa.
Iru kamionak txitxare baten antzera mugitzen ziran: zimurtu egiten zan irurak oso urbil jartzeraño, ta luzatu kamionak alkarrengandik urrutiratzen ziranean. Batzutan, lurreko gorabeeerak zirala-ta, aietako bat edo bi gure bigietatik ezkutatzen ziranean, abere baten iru ezurrekiko bizkarrak ezur bat ala bi gutxiago zeuzkala ematen zuan. Danetara ere, nere gogorako pollikiegi ginjoazen eta nik naiago nuan besteen ikus-mendeanjoan.
Ain polliki ere. Prantzesa bera ere uste artakoa zan eta, zionez, bera bakarik ateratzekotan ziur-ziur El Golean irixteko zorian egongo giñala orduan. «Badakizu...» lenengoa zijoan arek ez omen zekian ondo bidea ta ez zala oso ausartua. «Nik naiko banu...» oñari eragin eta tximistaka asi giñan bidez kanpotik —an lurra berdiña bai-zan— bidea laburtzearren. Beste biak pasa ta lenbizikoarengandik urruti xamar jarri zan nere biotzeko poz aundiarekin. An itxoegin eta ostera pasa ziranean, aien atzetik asi zan berriz esanez:
—Ez det nai izaten nere lagunak atzean uztea.
Aren leialtasunak mindu egiten ninduan. Urrena azkarrago ibillita bideko zuloak gutxiago nabaritzen zirala erakutsi nai zidan. Ura azkar ibiltzea al zan, orduko ogei kilometro! Baño berak ziona egia zan. Ala ere naiko karranka.
Bein gertaera batek egin zidan min biotz-biotzean. Agertu zan mendi koxkor bat lur-utsa, ez arri aundirik, ez belarrik, an izaten diran bezelakoa. Kozkorrari bira eman bearrean, iru kamionak alkarren ondoan gertatu ziran. Bost-sei urteko aur beltz batek —mutiko polita, ia larrubizi— bide-ertzetik altxatzen zuan eskutxoa kamiona gelditu ta eramateko eske.
Nere bizi guztian ez zait aztuko gertaera uera. Eskua zabalik, aren bost beatz txikiak, zein beltzak ikusten ziran atzeko eguzkiak zuritutako ondarraren aurrean. Aren mutiko txikia ain kamioi aundiak, gañezka kargatuak, geraazi naiez! Mutil ernea zirudian.
Lenbiziko kamionak pasa ta ez-ikusia egin zion. Irutatik iñork, ez al zuan jasoko, baldin baite? Bigarrenak pasa ta ezta jaramonik ere, aurra eskutxoa altxata berdin egonarren. Bearnetarrari zerbait esateko asi nintzan, aur ura artzeko alegia, baño biotza eztarriraño igo zitzaidan, eta ia malkoak ixuri, irugarrenak kasorik egin ez zionean. Nik zer egin nezakean? Ni baituran ninjoala ezin aztu. Eta bearnetarrak esaten bazidan: «Ain biotz onekoa zeranez geroz, zoazkio, gelditu zaitez berarekin?».
Denbora puska batean ezin itz egiñik gelditu nintzan. Egiteko arek eman zidan lotsa arpegian ezagutu ez lizaidakean, itxuraren kontra aritu naiez nenbillen: beren artean bai-ninjoan ni, bearnetarrari ez zezaiola gaizki artzen nuala iruditu.
Aur gixajoa! Agidanean —esaten nion nere buruari— aur ori ez da bakarrik egongo. Nork daki aur orren gurasoak ango inguruan txabol orietako batean bizi ez ote diran, basamortuko ibilkari-jendea ez ote dan? Uste au, polliki-polliki, egiazkotzat nai nuan artu. Itxuraz, bein-edo-bein, mutiko areri geratu zitzaizkion kamionak: eskatzen bai-zekian, eta gañera bide-ertzetik ederki zekian joaten. Azkenez, nere barruari min geiago ez emateagatik, bide ura askok ibillia zala-ta, —pentsatu nuan— «norbaitek emengo dio laguntza, baldin mutiko gixajoa galduta badabil ala goseak badago».
Alaz guztiz, kilometro pilla bat ibilli giñan sartu zitzaidan atsekabea ezin kendurik. Eremu artan, bidea biziro txarra zegoan, zuloz betea, ta bidez kanpotik aritu bear izaten genuan. Bein, ondarrez betetako zuloan sartuta, bigarren kamiona puska batean ezin aterarik gelditu zan. Urrena, kamion oni berari kurpil-gaña zulatu. A zein aitzaki ederra bearnetarrarentzat bizkor ager zedin! Arin-arinka atera zan, bidea laburtuz, lenbiziko kamionaren aurrean jartzeraño. Geldierazi zuan eta baita bigarrena ere, ez baizan konturatu, ezertxo ere, gertatutakoaz.
El Golearako bide-erdian egongo giñan. Errian bazkaltzea, ezta pentsatu ere, ain berandu zijoan gure jendea. Artaz, an bertan bazkaltzea erabaki zuten, kurpilla aldatu bitartean jana prestatu, alegia. Orduan konturatu ni, jende ura iru txoper europatarrak zirala ta iru laguntzaleak, bertakoak. Kamionek, arrigarria, arrai-izenak zeuzkaten jarriak: La Carpe eta beste.
* * *
Eguardia izango zan. Biziro bero aundia. Kamionen itzalpean jarri giñan. Lau arri aundi ta lasto legorrarekin, sutegia. Gañean ontzia, berekin ekarritako urez betea. Urak irakin bitartean, asi-bidez, ura anixetarekin atera zuten. Nik ez nion muxiñik egin bear. Aljeriarreri ez zieten anixetik eman, mahomatarreri beren erlijioak galazten die-ta.
Ni nengoan lurrean exerita, jana maniatzen zuanaren ondoan. Au omen zan, esan zidanez, Prantzian urte askoan bizi zan italiarra. Bere izatea prantzes jatorra, itxuraz italiar benetakoa ematen bazuan ere. Luzea zan eta kolore txarrekoa: osasuna denbora baño len ondatua. Eskeñitako edaria gogo gutxiz artu zuan, eta asi zitzaidan:
—Eta, ez al da arrigarria nik len anixetako edate izugariak edanda, orain ia ezin-ikusia etortzea? Egunero litro bat anixeta baño geiago bear izaten nuan. Gosaritan bakarrik baso bat betetzen nuan; baño ez uste, anixeta utsa! Baño oso txarra da buruarentzat, polliki-polliki burutik nastutzen asi nintzan.
—Baño, ez al zenuan uste geiegizko edanak gaitz egingo lizukeanik? —nik berriz.
—Nik aren bearra neukan —orra erantzuna.
—Eta egun batean —bearnetarra tartetu zan— gutxigatik ez zuan bere emaztea il, pistola eskuan!
Italiarrak baietz, egia zala.
Urak irakin zuanean, gatza bota zion ondotxo, naastu, sopa egiteko firioa bota ta ontzia tapatu zuan.
Onduan erakutsi zidaten palta zan txoperra auchtarra omen zan.
—Gizona, auchtarra? —egin nion—. Ni neroni Auchen izana naiz: Sainte Marie katedrala, l?escalier Monumental... Armagnacen irudia... Ger ibaia andik pasatzen da... Ger probintziko erri nagusia da Auch. Ni Hotel de Francen egon nintzan, plazara jotzen duana...
—Tira, tira —erantzun zidan parrez auskotarrak— ikuste det nere erria ondo ezagutzen dezula.
Ezin ba ukatu lagunarte ederrenean nengoala europatarrekin.
Italiarra tomate legorra ontzian boteaz bere egitekoa bukatzeko zegoanean, asi ziran azaltzen kurpilla aldatzen aritu ziran iru aljeriar laguntzaleak. Alako janari an xerba esaten diote.
Batzuek bigarren txandan artu zuten ura ta anixeta. Asi giñan pâté de foiekin eta ogi aundi borobil batekin. Kamionan baziran platerak, basuak, sukalde-tresnak eta, batez ere, ura ausarki. Ondoren xerba zalako ura. Nik ere besteen mallan jan nuan. Oso ona iruditu, an beintzat.
Batzuk lurrean exerita geunden, besteak zutik jaten. Joan-eta-etorri zebillen aljeriar bateri, bearnetarra maxiatzen asi zitzaion. Nik ez nion ondo aditu zer esan zion; azkenean «...le bon Dieu» (Jainko ona) aditu nion. Nonbait bere erlijioko sinismenaren kontra asi. Asarretzen zaio aljeriarra, ortzak izugarri erakutsiz... Eskerrak artaz gelditu zirala, bestela maxiatzalea gaizki ibilliko zan. Gogoak eman zidan gertaera txarren bat ikustekoak geundela, baño bearnetarra uzkurtu ta ez zan ezer pasa.
Gero Gruyere gazta atera zuten eta kapea, zoritxarreko soldaru-etxe artan egin zuten bezelakoa. Atera nituan maletan neuzkan azukre-koxkor guztiak, xigarroak eta, batere gogoratu gabe botilla txiki bat koñak asi-berria neukana. Oso poztu nintzan ura eskeñi aal izatea, baita gauza asko geiago izan banituan ere pozik emango nien, nerekin ain ondo aritu zan jendeari. Aljeriarreri ez zieten koñaka eskeñi gaizkitzat ar ez zezaten. Azkenez, botilla erdia baño koñak geiagorekin utzi nuan «kamionarentzat».
Ontaz bazkaria bukatuta, basamortuko aize zabalean atsegiñez janda gero, oraindik beste puxka batean egon giñan atseden artzen. Azkenean, ikaragarrizko eguzkipe beroan, asi giñan ibiltzen: italiarra aurrena, auskotarra bigarren eta bearnetarra nerekin irugarren.
* * *
Logalea bai, baño ezin lorik egin; nere barruko aldarteak eta bideko zuloak galazten zidaten loa. Denbora puxka batean saltoka ibilli nintzan nere exeritokian begiak itxita. Azkenik, aspertuta, bi xigarro atera nituan bearnetarrarekin erretzeko. Berea aboan jarri ta ez zuan nai izan nik piztutzea; gidatzeari utzi gabe, esku bakarrarekin piztutzalea atera ta xigarroari su eman zion.
Asieratik bezela, ni kontuz ninjoan bide-ertzeko arrieri begira, zenbat kilometro palta ziran alperkeriz erakusten zidaten arrieri begira. Asieran, iru zenbaki edo lumeroetatik ezkerrekoa kentzea nai, ta orain, bitan geldituta, amarrekoak gutxitzen ziran araberan nere poza aunditu. Ez, ordea, nik nai bezin aguro.
Bearnetarrak edesti zizkidan gerrateko bere egiteko aundiak. Berak egin omen zituan oso ibillaldi luzeak, ezin-sinistu alako denbora gutxian. Ta esateko guztiak esan zituala iruditu zitzaionean, eragin zion ostera oñari ta, laisterrari emanez, ez zan gelditu zenbait denbora pasa arte, chantier edo bide-lanetan ari ziraneko majina-istillu aundiko tokiraño.
Tarteka, erlojuari begiratzen zion bere laguneri zein aldea atera zien ikusteko. Besteak etorri-zai geundela, ni naigabetuta, lurrari begiratuz, an geldik egondako gazela-sail aundi baten lorratzak erakutsi zizkidan.
Azkenik, an, urruti, lur-kozkor baten ondotik, bi zera beltz ikusi genituan, italiarra ta auskotarra autsa arrotuz zetozenenak.
Aurrez-aurre bildu giñanean, bearnetarrak ordu erdi batez beranduago zetozela bota zien.
Puxka batean egonda, chantier-aren gora asi giñan oso nekez, arri kozkor tartean, bidean arriskoa bai-zan. Beroak ezin geiagoan jotzen zuan eta gu ezin jasan-ala ginjoazen. Gure bidea Sarkaldera, eguzkia polliki-polliki jetxi ta itxutzen ginduela. Bearnetarrak bi txandetan esan zidan nekatuta zijoala.
Berealdiko laisterrari emanda, iges egin zien bere laguneri berriz ere, beste biak oso atzean utziz; baño oraingoan azkeneraño tankera artan jarraitzeko.
Ta ni pozaren pozez gero ta geiago ninjoala, asmatu balu bezela, ala esan zidan:
—Kilometro «uts» (zero)-ra irixtean, oraindik beste bost kilometro paltako dira.
«Pazientzia, ez da txarra artu ezkeroz». Bearra banuan. Egizki, «nere» kilometroen tarteetan, ikusten nituan nik, aldizka, arriak «beste» kilometroekin, injinieruak jarriak. Ta alaxe zan, geroxeago egiztatu aal izan nuanez, «nere» ta «beste»en aldea bost kilometrokoa zan. Baño nik «besteakin» mezede txarra neukan eta, egia izatea nai ez, eta ez nien jaramonik egiten. Zergatik pentsatu bear nuan nik, bide berbera neurtzeko, bi neurtze alkartu-eziñak iñon izatea?
Bearnetarrak erakutsi zuan:
—Ori dezu «El Golea». Orrek esan nai du petrolioaren billa ari dirala, zuloak egiten ari dirala. Bi milla ta zortzireun metroko zuloak egin dituzte ta oraindik petrolio-lurriña bakarrik billatu dute. Oraindik bost milla metrorañoko zuloak egin bear dituzte.
Orra, azkenean El Golean iritxi. Auts arrotuaren tartean sartu giñan, arratsalde guztiko beroarekin berotutako bidearen barrena.
Eskarrik beroenak eman nizkan bearnetarrari ta neri egindako mesede guztiak pagatu nai izan nizkion, baño berak ez zuan ezertxo ere artu nai izan.
—Gauza bat bederik. Besteak etortzean egin ezadazute mesedea nerekin zerbait edatea, —ekin nion.
Baietz.
Ta guztiak alkartu giñanean, lenbiziko bizitz batean zegoan bar batean sartu ta edan genuan. Beste egitekorikez neukan.
Zein hoteletara joan bear nuan galdetu ta bearnetar leialak Hotel Président dal Piazeraño eraman ninduan maleta ta guzti. An artu nuan ondo bearreko atsedena.
Gure Jainkoak ordainduko al-zion egin zidan on guztia!
XI
EL GOLEA
Egun batez beranduago etorr nintzala-ta, bidean egon geiegiz galduta, oso denbora gutxi gelditu zitzaidan emen. Gau guztian etzanda egonda ere, nekatu xamarra arkitzen nintzan. Orrez gañera, Gardaiatik onuntz gertatutakoekin, etxerako gogoa asi ez ote zitzaidan. Baño artaz geroz, bear zan bear nere biajia asmatu bezela bukatzea ta ostera palta zana ikusteko naia etorri zitzaidan.
Hotelean erderaz zekian bat —kastillanoz esan nai det— bazan, eta arek nerekin itzegiteko zeukan gogoarekin bereala adiskidetu giñan. Ain denbora gutxian zer ikusi nezakean adierazi ta arek esan bezela asi nintzan. Bero aundiko tokia zala ura.
Bezperaz etorrita, egun artan bertan atera-bearra neukan ega-ontzian Timimunerako. Ordea, amaikak laurden gutxiagotan nuela irteera ta, goizago jeikita, tarte orretan saiatu nitekean erria ikusteko.
Erria oso aundia ez —amairu bat milla lagun— ta ikustaldi polita egin nion ala ere. Ango jendea bear aundian bizi dan jendea da: zenatarrak, gurararrak eta beltzak ibiltzen dira. Petrolioa ateratzen astean asiko dira ere txospertzen. Bazan eliza katolika bat palmera galantak atzean. non-eta europatarrak joaten ez badiran, bertako jendea gutxi, noski.
Basamortuko jendea bear aundian bizi da, esan degunez, k'k'jan eta k'k'lan. Gaizki janak, etxeetakozikintasunak eta bero ta otzaren aldarte aundiek, min txarrak ekartzen dizkiete bertakoeri. Birikeria (biriketako eri edo gaitza) batez ere, oso zabalduta zegoan prantsezak sendatzen asi ziran arteraño. Aieri eskerrak gaitz ori askoz gutxitu da.
An aizea oso legorra izaten da ta orretxengatik egitenditu gau otzak. Egunez lurra berotu egiten da, ta, eguzkia joatean, beroa aidean gora igotzen da, aize otzari leku emanez. Orra gau otza. Ordea, aidean ezetasun edo umedaderik baldin balego, ez lioke utziko beroari aidean gora iges egiten. Gure artean ere, udarako gau otzakin orixe bera gertatzen da.
Onean jende ona dirudite. Kanpotarrek diru asko uzten. Orrengatik ikusten da orrenbeste mutil eskekoak. Leialak ere ematen dute. Arabiarrek alkarri eskua estututa gero, mun ematen diote norberaren eskuari bestearenganako gogoa erakutsiz. Baita ere badakite «agur» esaten eskua biotzaren gañean ipiñita. Edozein emakume beltz zaarrak esan lizaizuke maiteki: Bonjour, Monsieur! («Egun on, Jauna»). Dana ezin ona izan, ordea, ta besteen gauzekin zaleegiak dira ta baita gezurzaleak ere.
Oasis guztiak, palmerak edergarriz dituztela, oso ategiñak izaten dira. Aietako gerizpe gozoa! Bai bear ere basamortuko eguzki kixkalgarriarekin. El Goleako baso trinkoan ere pozik ibilli nintzan. Geiena arritu ninduana ango ur-putzu aundiek. Palmerak millaka izan ezik, fruta ere etortzen da. Gerran ibiltzeko toki egokia ta baziran soldaru prantzesak El Golean.
Basoaren inguruan ikusi nituan etxe utsak ondarraren gañean, sarrerako atea ta leiorik gabeko etxeak. Erriz-erriko pamili ibilkarientzako etxeak. Nai dutenean artu, nai dutenean utzi, dituzten etxeak. Giltzik gabeko arrizko etxeak. Etxe utsak eta utsean artuak. Ala ere, basamortu gorrian ganbelu-larruzko txaboletan egoteko baño obeak. Egia esan, len gerra-etxeak izandako bizitzak eta bildegiak ziran orain.
Batzutan palmerak eta ondarra oso poliki alkartzen dira, ta etxe bat edo beste tarte dirala, egokiz jarriak dirudite. Ta ez da aspergarria izaten ain gauza gutxiko ikustea, baizik polita ta jostagarria era askotan naastuak ikusten diralako.
Plaza, basoaren ertzak arrapatzen du. Aurrean, etxe zuri polit bat, gañaren erdian borobil batekin. Aldeetan, ango errietan oi dan bezela, arkupe zuriak. Plaza, naiko aundia. Erdian, gizon mordoska ederra, erdi-erdiko gizon baten jiran. Zer zan ez nuan jakin, baño neri denbora bateko Donostiako Bretxako «bertso-berri» saltzaleak gogoratu zitzaizkidan.
Neukan denbora gutxian saiatu nintzan aal nuan geiena ta ondoen ikusten, eta garaia etortzean utzi nuan hotela ta hoteleko nere adiskide berria.
Eraman ninduten ego-ontzietako tokira ta antxen igo nintzan aidean, Timimunerako bidean, sekulako ondarrak nere azpian pasatuz. Erria ta basoa ondo txiki ta beltz ikusten ziran ondarreko itxutu ainbesteko oritasunean. Baita bideko arbola-pil aundiak. Baita «oasis gorria» deritzaioneko Timimun bera azaldu zanean, ordu beteko ega pasia zanean...
XII
TIMIMUN
Errian sartuko orduko arritu nintzan ango etxe ta lur gorriekin; etxe guztiak kolore berberekoak. Alako lur gorrixtari tin izena ematen zaio ta etxeak lur orrekin egiñak diranez geroz, dana gorri. Orrengatik esaten zaio areri «oasis gorria», len aipatu degunez, ta nere hotelak berak Hotel Oasis Rouge izen berbera zeukan.
Erri guztia Sudango erara zegoan egiña ta baita nere hoteleko esku-irudi politak: sudandar batek egin omen zituan, iltze bat, listari bat eta laban bat besterik ez zituala. Bide batez esan dezadan nere aldameneko gelako atean, irakurgarri bat zegoala jarria: «Son Altesse l'Infante...», alegia «infanta» bat izan zala gela artan. Nik beintzat «infante» batek baño obeki pasa nituan iru gau nere gelatxo artan. Leioko burni-barren atzetik ederkitxo ikusten nituan ondoko kaletik igarotzen ziran gizon eta emakume nabariak; bada emen ez zan Aljeriako beste errietan bezela, emengo kaleetan emakumeak arpegi-utsik ibiltzen ziran. Gero ta jende beltz geiago ikusten nuan.
Timimungo egunak oso pozgarriak izan zitzaizkidan. Orduraño ikusitako erriekin ez zuan antzik. Sudandarren etxe ta plaza-egintza biziro nere gogokoa artiku nuan.
Erriko sarrera sekulako ederra, oso zabal eta oso luze. Bi aldeetara, moallen antzekoak; sarrera-sarreran, bi tontor borobillak, urrena ni nengoaneko plaza, marabu ta guzti, ta urrenaren urrena soldaruen moallak, gaztelua danaren gañean ikusten zala. Aren atzean, ildegia. Esandako etxe, tontor, moalla ta gaztelua, danak gorri, tin lurrarekin egiñak. Ez du bustia pasatzen uzten lur orrek. Plaza-erdiko marabua bakarrik zuria.
Marabu ura lau albokoa zan, baño lau alde aiek gora bezela estutzen ziran, lauak puntan alkarturik. Sartzeko atea bazeukan, baño itxia. Marabua zut-arriz inguratua zan bi sarrerakin. Barrengo inguruan egiten zituzten beren otoitzak mahomatarrek agirian. Otoitz-egin bitartean besoak altxa ta lurrari mun ematen zioten. Nere hoteletik ederki ikusi nitzakean otoitz-zaleak.
Ni iritxitako arratsaldean, illuntzean, ango aldean ibilli nenbillela, gauza oargarri bat gertatu zan. Neska koxkor bat, beltza, lurrera erori zan belaunean min arturik. Gixaxoa, malko aundiak ixuri, «Ama...!», «Ama...!» karraxika ezin ibillirik asi zan. Arritu nintzaion ama entzutean. Euskeraz bezelako itza ote dute ama dietzeko? Uste osoa neukan, baño seguru egoteagatik, aur beltz aiek guk ain urrutiko euskaldunak bezela ama berdin deitzen ote duten al-oterik gabe jakiteagatik, nere ondoko mutil bateri galdetu nion: «Zer esaten du orrek ama deika?» Ta mutillak: «Orien izkeran ama da mère (ama), eta aba, père (aita)», erantzun zidan. Jostagarria iruditu zitzaidan mutillaren erantzuna, euskerazko asabak itzan, tartean dagoan «aba» itz orrek «aita» esan nai du ere, noski. Egia esan, ango lurraldean aur beltz areri ama entzuteak biotza ikutu zidan.
Gauza auek buruan, sartzen naiz hoteleko bar-ean eta an berriz gu guztion gañetik, etxe-barruan, saguzar bat zebillen egan. Arritu batean par eginnaia etorri zitzaidan; baño an iñortxok ez zion arretarik egiten, nonbait arekin oituak zeuden, «etxekoa» balitz bezela.
Urrengo egunean, goizetik jendearen emana aundia zan ildegirako, ildegi-eguna bai-zuten. Arako bide guztian, ibillera oargarria ni bezelako kanpotarrentzat. Geroago ikusi nai izan nuan ildegia. Ta bein aratuta, leku zabal baten erditsuan, len aipatu bezelako beste marabu bat zegoan. Aren inguruan zeuden il-arri guztiak; baño an il-arria edozein arri tentea da. Ta arri-tentez betea egoki paraje ura. Baita ere ikusten ziran anfora deritzaien ontziak. Il-obietan jana utziz gañera, anfora-etan ura sartzen zuten. Aiek uste dute, ilda gero, beste munduan emen bezela jan eta edan-bearra izaten dutela illek, len Aljeri buruz itzegitean esan genuan bezela. Ejitoarrak gogorragoak dira oraindik. El Kairoko museuan ikusi nuanez, Tutankhamenen urrezko il-kutxaren ondoan, batel bat zegoan. An uste dute beste munduan ibai bat pasa bear dala, ta orrengatik zegoan batela jarria. Erregiñak aren antzeko beste batek bat zeukan.
Banekian nik erritik ez urruti bazala CHOTT edo gatz-putzua ta ber-bertatik ikustea otu zitzaidan. Asi nintzan oñez urrengo goizean, bakar-bakarrik. Erritik atera-mugan mutil kozkor bat jarri zitzaidan segika. Baninjoan ni aurrera, mutilla ere nere bidetik joaki. Ango mutillak eskale amorratuak dira. Lagunik bear ez bai-nuan, esan nion alde egiteko nere ondotik. Pixka bat gelditzen zan eta nik burua bira orduko, ostera nere atzetik. Joateko andik geiago asarretuazi gabe. Ura legamia! Ala ere segi. Jotzeko gogoa ematen zuan. Ostikoz jotzeko itxura egin nion. Alperrik, mutilla bere artan, segi nere errañuari. Ta asarrea geiena igo zitzaidanean, bizimodua batzueri zein txarki etortzen zaien asi zitzaidan burua lanean...
Mutil artaz kupitu nintzan. Mutil ura, noski, diru pixka bat irabazteagatik zetorren nere atzetik. Diru ura,bai ba, zertaz jan izateagatik naiko zuan. Tema geiago, zer esanik ez, bear aundiago. Jatea, gauza txarra al da? Mutil gizajoak, ez al zuan ba guk bezela jan bear? Egiazki, bere barrua zearo aldatu zan. «Denak Yinkoak inak gire» (Danak Jainkoak egiñak gera).
Ixillaldi baten ondoren galdetu nion:
—Ik bai al dakik gatz-putzua non dagoan? Chott? —lur zuria agiri zala.
—Bai, or, —txospertu zan.
—Nai al dek nerekin etorri?
Ta bizkarraren gañean ipiñi nion eskua.
—Zenbat urte dituk?
Ez zuan erantzuten, ez ote zekian zalantzan egon nintzan.
—Amabi?
Baietz buruarekin.
—Eskolara joaten al aiz?
—Len joaten nintzan, baño orain ez.
Alaxe iritxi giñan gatz-putzura, zabala zan. Geiegi ez ibiltzeagatik ez giñan joan beste muturreraño. Gatza puskatu egiten zan gure oñen azpian. Ondargañeko gatz arek azala mea zeukan; azpian, ondarra ta gatza nastuan. Eskuan estututa bereala apurtzen zan. Puska bat artu nuan etxera eramateko.
Beste ikusterik ez zala ta, bazkaritarako garaia bertago, asi giñan lengo bidetik onuntz. Oasisaren ondotik pasa giñan; an ere bai dago millaka palmerako baso aundia. Lur gorrizko moalla puskak eta etxe lurra-joak, asko ikusten ziran. Nere mutillak buru-jirako zapi zuri bat zeraman, beste bat lepoko jiran, arpegia bakarrik erakusten zuala, ta bizkarretik beerañoko soñeko zuria, mantalaren itxuran. Gizajoa ankaz gorrian zebilen arrien gañean ni zapatakin baño erosoago; bai seguru ere.
Arritu-itxuran ala galdetu nion:
—Ez al dek oñetan miñik artzen arri-gañean ibillita?
Mutilla arrituago. Bi ala iru bider galdera berbera egin bear izan nion eta, ene ustean, ezin zuan ulertu zergatik egiten nion galdera ura. Bizi guztian miñik artu ez ta —arek esan zezakeana— eta zergatik artu bear det miñ oñetan? Noski, oin-azpiko azala ez zuan makala. Mutillak, beintzat, ez zuan itzik erantzun.
Iritxi giñan, bada, errira. Sar-bidea oso polita zan, Sudandarren erara egiña. Arkupe txiki (ez barrenen ibiltzekoak) zerrenda luzeak, ain gañeko leio txiki zerrendak, etxe-aurreko gain garrangadunak. Moallak, tontorrak tarteka. Uztai-ate aundiak kanpoan, azoka eta abar. Eguzkiak gogotik jotzen zuan. Berandu xamar. Eskupeko ederra eman nion mutikoari. An joan zan etxera zuzenean mutiko gajoa. Begiak busti-busti egin zitzaizkidan. Uste ez degula askotan, nola gindezkean gaiztoak.
Hotelera iritxita, orduan konturatu arpegia garbitu guztian zergatik nabaritzen nuan nik gazitasuna ezpañetan. Aizeak berarekin zeramang atz-arrastua. Lurrak berak gatz-kutsua izaten du an. Hoteleko etxekoandrea euskalduna zan, Baiona ondokoa. Egun artan, beste izkeraz gañera, ibilli zan euskera basamortuan.
Errian ibillita beste zer-oartu bazan, angoetxe ta kaleaz gañera, ango jendeaz gañera. Plaza batean, putzu batetik ura ateratzen. Erri-inguruan, eliza bat gurutzea gain-gañean. Abiatu nintzan, aspaldiko partez, baño eliza itxia. Araño baño leenago esan zidaten mutil batzuek ezetz. Atsekabe aundia artu nuan.
Beste toki batean estalpe batzuekin arritu nintzan. Palmerak zeuden zutik moztuak eta, enborrak launaka artuta, lauko bakoitzean palmera-adarraz gaña eginda, estalpea. Aien azpian egoten zan alperkerian etzanda makiña bat gizon «garagarra» irabazten.
XIII
ADRAR
Ez det beñere atsegin izan goiz jeikitzea; baño an erri-arteko bideak luzeak eta beartuta egoten ziran goiz asitzera. Ala, Timimundik irteera goizeko seietan zan eta ez giñan Adraren irixtekoak eguardia baño len. Hotelean bazkaria nerekin eramango al nuan eta ezetz, jateko garaiz elduko giñala Adraren. «Nai dezuna». Baño nagusia ez-ta-bai gelditzen zala igarri ta bigaren txandan galdetuta baietz esan nion, lengo Gardaiatik El Golearako ibilleraz gogoratuta.
Exeri nintzan autokarrean txoperraren ondoan. Itz gutxiko gizona zan; arpegian gaztain-azal kolorea. Atzean, beste zenbait aljeriar bazetozen. Abiatu giñan sei orduko bide luze artan, basamortu zabalean; lurra berdin-berdiña ta ondarra gogotik. Onela zenbait orduan ibilli giñan, autokarra azkarrik. «Oraingoan seguru giatzik», —nere baitan esanda, aizea sortu zan. Zerbaiten antza eman eta bat-batean leio guztiak itxi zituzten. Aizearen burrundara orduan geiagotu; enbatak gero ta gogorragoak. Aizeak arrotzen zuan ondarrarekin ez zan ezere ikusten. Ura ondar-lañoa zan. Eguzkia illundu. Alakotan autokarra gelditu, aize-aldia joan arte, ez baizan ezere egiterik ez-ikusi artan. Eta aizearen joera ain indartsua, ta ondar arrotua ain aundia, eguzkia agertzen zanean biderik ikusten ez. Ondarrak dana estali. An alako aizeteak maiz izaten dira, noski; bada, tarteka, arri aundiak zeuden jarriak bide-mugak jakiteko. Aieri eskerrak, aidea garbitzen zanean, nora jo bazekian txoperrak. Alaxe, aldizka gelditu ta arritik arrira ginjoazen. Baño arrigarria zan ondarraren gañean arria ikusi-bearra ibiltzeko.
Alaxe ibilli giñan ez dakit zenbat denboran. Ala ere, ez zan gauza txarrik sortu: bideak ezereztu ta palmera batzuk okertu. Aizea asi baño len bidean oñez zijoan gizon batez gogoratu nintzan, erritik ain urruti. Ez det uste egun artan ainbesteko arrisko aundia zanik. Baño gertatu izan da gizonak eta ganbeluak ondarraren azpian artuta danak galtzea.
«Uste al dezu garaiz iritxikogerala bazkaritarako?» —galdetu nion txoperrari. Nik, egiazki, ez nuan aitzakirik berarentzat. Galdera orrekin nik nai nuana zan ginjoazen bezin azkarrik jarrai zezan. Ala gertatu beintzat. Berari eskerrak ordua baño gutxiz beranduago iritxi giñan Adraren, aizetea izanagatik. Jan beroa naiago nuala-ta, hotelean jana-eskuan sartzea lotsatzen nintzala-ta, nere esker ona agertu nai niola-ta, ene bazkaritarako zorro aundia oso-osorik eman nion txoperrari. Hotel Djemilan sartu nintzan.
Adrar, orra ba nere azken-burua. Andik bi egunera ega-ontzian salto batez joango nintzan Aljer-era. Poztu egiten nintzan pentsatu utsarekin. Egunak joan, nekeak etorri, dabillen elur-pelotaren gisara, nere etxerako gogoa borobiltzen zijoakidan. Erri ura ondo ikusi nezan beintzat eta azkena azken.
Geiena arritu ninduana, bertako ikaragarrizko plaza aundiak. Bar batean nengoala, plazan bertan, bar-gizona izketarako gaitua ikusten nuala, plaza aren aunditasunaz arritu nintzaion. Prantsezak esan zidanez, 380 metro luze zan eta 290 metro zabal. Ez al zan —eta orain ere ala izango da— benetan arrigarria? Eta zergatik orren plaza aundia galdetu baño lenago, berak asmatu zuan: «Ala ere, sasoi batean ez zan naikoa zetozen ganbelu guztiak batean artzeko». Orain plazak berak baño, orduko ganbeluek zer-arritu geiago zeukaten. Ain ganbelu-pilla aundiko ibillera! Oraingo txandan banaka batzuk besterik ez zan ikusten. Tarteka, ganbeluak lotzeko arriak plazan.
Esan detanez, bar-gizona izketarako gaitua zegoan. An beroa erregarria izaten zala. Udaran beroa 75 mallaraño igotzen zala eguzkitan, eta itzalean 45eraño. Maiatzatik aurrera (orduan Epailla-Martxua zan) europatar geienek alde egiten zutela, bertakoek ezik, gure kastakoek ezin zutela ain bero aundiak jasan. Bertako jendea goizeko lauetan asten omen zan lanean (lanean aritzen zana) ta bein eguzkia gora aldera abiatzen zan, lanari utzi ta gerizpean gordetzen omen ziran. Egun guztian etzanda, eguzkia sartu bitartean. Arratsera, oztu. Gauak otzak izaten omen ziran. Neronek ere banekian. Gauez plazaren inguruan ibilli bear nuanean, erropaz ondotxo ateratzen nintzan. Ta aizea ain legorra izaten zala-ta, nere lo-gelan eskuak garbitzeko zapiak busti-busti jartzen nituan zintzilik. Bai bereala legortu ere.
Basamortuan kristau-arraza asko dago: badira judu zuriak; badira kolore argiko mozabitarrak, txikiak, arpegi-luzeak, sudur ta ezpain-lodiak, abo-aundiak, begi-sakonak; badira bereberetarrak, zenatarrak, gurararrak, harratindarrak, sudandarrak... arraza kolore argikoak, ikatza baño beltzagoak eta bien arteko malla guztitakoak; baita arrazek alkarren artean sortutako naaste guztiak. Ikusi ditut gizonak sudur-gañeraño arpegiak zapi zuriz estaliak. Geienak zuriz jantziak ibiltzen dira, osorik; besteak, gutxienak, kolorezko jantzi ederrakin, eta badira zarpail zulatuekin ibiltzen diranak. Badira mutiko beltz parragarriak, buru-gañaren erdian, ille-luze tontorra dutenak, ori ez-besteko illea zearo mostua.
Emakume arabiarrak ez dira beñere agertzen arpegi utsik. Arpegia agirian dabiltzanen artean, batzuek arpegiak markatuta izaten dituzte. Emakumeek ez dute nai izaten, iñola ere, erretraturike gitea, batez ere arabiarrek. Ala ere, diru puxka bat aurretik, egin izan ditut emakume beltz eta beltz-antzekoenak. Timimunen eta Adraren, emakumeek pillan arkitzen ziranean, ba zekiten kanpotarrei beren izkeran auskalo zer gauzak esaten.
Alakoxea zan basamortuko kristauen ikustea.
Adrar erria ere sudandarre erara zegoan egiña guztia. Era ori nolakoa dan ez da erraz asmatzea ikusi gabe. Etxeek lur-gañeko bizitza zuten bakarrik emen. Plaza aundian sartzeko bazegoan, alderdi batean, Reggan deritzaion uztai-ate ederra. Baita ere moalla ta moallaren gañean mezkita, dana lur gorriz egiña Timimungo tankeran. Azoka plit bat ganbeluak eta guzti; aundi xamarra, baño jende gutxi; arkupe zabalak, ez zuriak beste errietan bezela, gorriak baizik.
Hotelean nengoala, gizon bat etorri zan, autokarrean kaltea izanda, an gau guztian egonda, amabost kilometroan oñez ibilli zana. Baita senar-emazteak, andrea oso lodia, urrengo autokarra arte zai egon ziranak, gaua orobat basamortuan pasata. Irurak, aski nekatuak, batetxoan iritxi ziran.
Artaz geroz, ez nuan askoz kezkatzerik. Ar nezala urrengo goizean, utsik egin gabe, Aljer-erañoko txango luzean eramango ninduan ega-ontzia.
XIV
ETORRERA
Ega-ontziko egalariak nere hotelean zeudela —nik ez jakin— aiekin batean joan nintzan hoteletik ega-ontzien geltoki bertaraño. Eguzkia orduantxe doi-doi ateratzen. Ontziaren errañua, oso luzea. Motorrak saiatuta aidean asi giñanean, errañua iges asi zan gero ta txikiagoa.
Pozik ninjoan ni aidean ikusitako erriak ikusita etxera nentorrelako. Aljer-eraño, 1350 kilometro egaz. Erriz-erri, ni joan nintzan bezela, 1850 kilometro. Alde-aldeko neurriak dira oriek. Tartean, bi geldi-aldi egin bear nituan nik orain: Colomb-Béchar eta Oranen.
An, goitik, zer ikusi bazan: ondarrezko lurralde zabala, lau aldeetara so eginda. Ain zabala ere, orduetan ibilli ta ibilli, ta beti ondarra. Ura ondarrez, ura zabaleroa! Erriak, batez ere oasis beltzak, txiki-txiki ikusten ziran. Ondarra, bai, ondarra beti aundi. Timimun bereala ezagutu nuan. Oasisa illun ageri zan, baño gatz-putzua, basoa baño aundiagoa, zuri-zuri ikusten zan eguzkitan. Non ote ziran nere biotzeko Gardaia ta El Golea? Ninjoan seguru beintzat eta pasia pasa. Aitortu bear detan gauza da, ondarra besterik agertzen ez bazan ere, ikustennuan aunditasunaz pozik nentorrela. Iraun zezatela motorrak azkarrean eta elburua berez etorriko zan.
Baño leen-leen, orra Colomb-Béchar. Goizeko bederatziak. An jetxi ta an egon bear, amarrak arte. Ez geneukan erria ikusterik. Beerakoan eta gorakoan antzemanda nengoan erri ederra zala lura. Bigarren gosaritxoa an eginda, arin asi zan ostera ega-ontzia zeru-zola urdin artara. Orduraño 2600 metro igo bazan, oraingoan 3000 egingo ditu. Ezta bear ere, geiago.
Zer edana ta zer jana eman ziguten ontzian, baño jateko gogorik ez. Basamortua gure azpian atzera zijoan. Oraindik ere ondarra. Ez al zan bukatzekoa ura? Ala ere pozik, egualdi ederrarekin. Oraingoan, eguzkiak goragotik artzen ginduala0ta, ontziaren errañua txiki-txikia ta gure parean zijoan beti.
Aurrean, urrutira, mendiak ikusten asi giñan: Atlaseko mendi-zerrenda zan. Aien atzean, Oran. Mendiak aunditu ta laister giñan aien gañean. Azpian artu genituanean, nere bizitzako ikusgarriena orduan ikusi nuan. Mendi puska aiek, amildegi aiek, ikaragarrrizko arkaitz aien itzal urdin aundiak, ezin-esan alako arritasunez bete ninduten. Gañetik ikusi bear! Ta ni gauza orien guztien zale! Ikustearen zoragarri ura ez zait sekulan aztuko. Ura ikusteak ainbeste ez ninduan ezerk lilluratu.
Sartu giñan odei aundi batean eta ontziak izugarrizko beerakoa egin zuan, oxo-oxorik. Egoak, dingili-dangala. Aidean exerita gelditu giñan, estomaokoa aboko zuloraño. «Attachez vos ceintures!» (Gerrikoak lotu!) ots egin ziguten. Geroztik oartu aal izan det odeien batean sartu guztian, ontziak beerako egiten duala.
Eguardia zan. Oran, agirian. Ontzia, poliki-poliki beeraka, jetxi-lekua billatu ta txirristaka ibilli zan gelditu arte. Oran, erri zaarra, erri aundia, aidetik ez beste, ez nuan ikusi. Joan giñan bazkaritara aldameneko jatetxe batera. Legea eginda, deitu ta ostera sartu giñan ega-ontzian. Oi bezela, asi ziran motorrak saiatzen eta, oraintxe gora jotzeko mugan geunden, motor batek —bitako batek— uts-egin. Zerbait erori zalakoan, ibilli ziran billa lurrera begira, aren berdiñik ote zuten ez bazuten... jeisteko danak eta andik ordu batera etortzeko.
Ta ontzi artan igo bear al genuan aidean? Bein egan asita, lengo okerra gertatzen bazitzaion? Azkarregi ez ote zuten konpondu? Zergatik aren ondoko beste ega-ontziren batean joan ez? Ez ba, lengo berean. Gu bildurrez egonagatik, asi ziran ostera motorrak saiatzen eta bereala aidean giñan berriro. Oker konpondu-berriarekin 3500 metroraño igo giñan. Orain ez zan ondar zabala, itsaso zabala baizik ikusten zana. Itsaso-ertze gañetik ginjoazen Orandik Aljer-era. Bai ederra itsaso-bazter urdin ura! Jainkoak lagun gintzala. Danak kezkaz beterik geunden. Aal zan aguroena zijoala beintzat. Itsaso-bazterreko erriak, zeñen poliki ikusten ziran pasa-ala! Iruditutako arriskoa aztu, orratx. Bai berriro gogoratu ere. Aruntzko ura izango zan Aljer. Arañokoa egingo al du? Ta poza ta bildurra nastuan nerabilzkiala, Aljer-en gañetik pasa giñan. Baita bear bezela jetxi.
Baginjoazen geltokitik errirako autokarra artzeko ta nik ezagutzen ez nuan gizon bat eta ni alkarri begira jarri giñan.
—Ez det bildurrez etorri naizela esateko lotsik —aitortu zidan.
—Nik ere ez nuke ukatuko, orra egia esan. Bakizu, orren errez kaltetu ta zuzentzen diran gauzekin bizitza tarte izatea...
—Ara, esango dizut egia. Ega-ontzi berbera zan, ederki asko ezagutzen det. Bein, arakoan, ondotxo ibilliak geundela, gaur bezela, motor bat, bitatik, geratu zitzaion ontziari. Egan egin eziñik, atzera asi zan egalaria aal zuan modurik onenean etortzen. Ikara gorrian gentozen. Gure aide-ontzia bira ta bira zetorren, ez bai-zeukan zuzenean joaterik. Ta eskerrak egalaria onenetakoa zala. Lurra jotzerakoan alde batekin ikutu ta zuzendu zuan ontzia. Andik jetxi giñanean, Gurutze Gorriko automobillez betea zegoan inguru guztia, egalariak aidetik eskatuta.
—Ta ala ere, ausartu zera ontzi ortan sartzen?
—Zer nai dezu bada, ain mesede aundia egiten digu.
Ta alaxe, autokarra artu ta erriraño oraindik ordu beteko bidea zeukala, arratsaldeko lauak aldean iritxi giñan Aljer-en.
1954-garren urteko Epaillak 21.
Urrengo egunean Ville d'Alger itsasontzian joan nintzan Marsellara, egualdi ta itsaso ederrez, ez Aprikarako irten nintzanean bezela.
Andik etxera bitartean, jakingarririk ez.
* * *
Orra gertatu bezela gauzak esan. Ez da ezertxo ere asmatutakorik. Edergarriak, neronek egiñak dira. Azalekoa, nere majinarekin suizarrak egiña.
Nere ikus ta jakin-naiak eraman izan naute lurralde askotara. Biaje orietatik ekarri izan ditut oroipen oso onak, onak eta ez ain onak. Onoko onek eman zizkidan oroipen onak eta txarrak, gogozkoak eta gogoz kontrakoak, atsegiñak eta atsegabeak. Etorriberrian, oroipen oriek guztiak burrukan nerabilzkian buruan. Gerora baretu zaizkit. Denboraz, indarra galdu, urrutiratu ta galdu egiten zaizkigu. Galtzen diranean, aaztuta gaude. Aaztu baño len, borroka orretan, oroipen onak gelditu ziran garaile. Azkenean, igarotako arriskoeri, oso urrutira joan eta bildurra galdu diegunean, par egiten diegu, oroipen txarrak onak biurtu.
Orra ba sei urtez geroz idatzitako oroipenak. Ez neukan asmorik. Baño bein ez da, bein oi da. Atsegin izango zenitualakoan, irakurlea. Ala ez balitz, barkatu. Nere ustez, auxe da lenbiziko biaje-liburua euskeraz idatzia.
Iges-aldi guztiak etxe-zuloan bukatzen dira. An izaten gera geron jabe. Ara artean, naiko lan. Zer ote da etxea!
Baño... txoroa buruan t'ibilli munduan.